Aspaldi ei gara Europar Batasuneko kide, eta etengabe esaten digute Europa horren barruan dagoeneko ez dagoela mugarik. Baina Bidarraira jaitsi eta hara bertako tabernari batek zer nolako istorioa kontatu zigun:
Auzapezaren baimena
Baionako mediku bat, 52 urte inguru izango zituena, bere familiarekin Irubelakaskoa mendia igotzera joan ei zen, guk egin genuen legez bertako giroaz gozatzera eta kirol egitera. Halako batean mediku hori txarto sentitu ei zen eta familiari aurrera joateko esan ei zion. Geroxeago atzetik zetozen lagun batzuek mediku hori lurrean topatu zuten bihotzekoak jota. Eskuko telefonoa erabilita sorospen zerbitzuei dei egin zieten eta Iparraldetik helikoptero bat etorri ei zen. Gizonari ezbeharra Nafarroako aldean gertatu zitzaion, eta bere zoritxarrerako ezen helikopteroa Baztango auzapezaren baimena izan barik ezin ez baitzion gizonari arretarik eskaini. Halandaxe helikopteroa airean birak eta birak egiten ibili zen minutu luzez, eta bitartean gizon koitxadua hiltzen. Azkenean baimena lortu eta gizona eraman egin zuten, baina hilda dagoeneko.
Europar batasunean ez ei dago mugarik, eta Frantzia eta Espainiako estatuetako gobernuek hala esaten digute behin eta berriro; alabaina bistan dago hiltzeko badagoela mugarik. Eta hiltzeko orduan gertatzen den bezalaxe, gure herria eraikitzeko eta bizirik mantentzeko ere muga hori (eta beste hainbat ere bai) bertan dugu. Bitartean herri bat, gizaki bat, gizaki multzo bat lurrean dago hilzorian eta laguntza eskaintzera datorren helikopteroa bere gainean birak eta birak ematen alde bietako estatu zikin (mendeetako odolez zikin), anker eta zikoitz horiek baimena noiz emango diguten zain.
Helikopteroak ekarri
Nik kasu bietan zera ikusten dut: Baimenak baimena herri hori, gizaki hori, gizaki multzo hori salbatu beharra dagoela, eta zapaltzaileak diren lege horiek hautsiz gure esku dagoen guztia egin behar dugula izaki hori bizirik atera gura badugu. Gaur eginez gero posible izan liteke; bihar beranduegi izan liteke, eta Baionako medikuarekin gertatu zen legez izaki bat baino gorpu bat izan liteke lurretik jasoko genukeena.
Orduan zer dela eta euskal herritarrok baimenaren zain egon behar hori?. Ekar dezagun behingoz helikoptero hori guregana eta gure herri hau, gizaki hau, gizaki multzo hau lurretik jaso dezagun debeku, plan, lege eta beste hainbat oztopori aurre eginez. Estatu handi bi horiek muga ez den muga hori muga izaten segi dezala gura dute, eta gure esku dago muga ez den muga hori aurrerantzean muga ez izatea eta gure arteko batasuna sortzea.