“Islam, guztion ondare” izenburuko erakusketa hartuko du Fadurak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 12a, 20:28
Kultura Islamikoa Fundazioak abian jarritako “Islam, guztion ondarea” izeneko erakusketa ekarriko du Getxo Kirolakera (Fadurako Kiroldegia), urtarrilaren 19tik otsailaren 11ra bitartean, Getxoko Udaleko Inmigrazio eta Kulturarteko Arloak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzarekin batera. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako umeei zuzenduta dago bereziki, nahiz eta eskolatik kanpoko ordutegietan biztanleria osoari zabalik egon. Horretaz gain, irakasleak eta gizarte boluntarioak trebatzeko egitasmoa ere eskainiko dute.
Antzinako aurreiritziak bazterrean utziz, elkartasuna eta lankidetza euren bizitzen ardatz izango duten gazteak sortzeko, hezkuntzak duen garrantziaz jakitun dira Kultur Islamikoa Fundazioko kideak. Hain zuzen ere, horregatik heldu zioten 2000 urtean ekimenari, kultura islamiarra ezagutarazi eta, aldi berean, horrekin ditugun harremanak baldintzatzen dituzten aurrereitziak eta topikoak gaindi ditzagun.

“Islamiarrak gizarteratzeko egoera saila daukate gaur egun. Orain Kordoban dagoen erakusketa honen bitartez, topikoak bazteztu nahi dira, bereziki Madrilgo M-11n gertatu zenaren ostean”, gaur goizean Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak aipatu duenez.

Erakusketaren edukia

Diseinu garaikide eta erakargarria duten bederatzi ataletan banatzen diren 36 panelek osatzen dute bilduma, islamiar zibilizazioaren arlo guztien informazioa azaltzeko asmoz, baita argazki eta marrazki ugarien bilduma ere.

Era berean, partaidetza sustatzen duten hainbat elementu dago, ikasleei zuzenduak bereziki, erakusketak azaltzen duen informazioaren ulermena eta ezagutza indartzeko. Kultura islamiarra ezagutzeko bidea zabaldu nahi dute, sentzumenen munduaren bidez. Horrela, bisitariaren sentipen-ulermena suspertu nahi dute, giroan dauden usain berezien bidez, musika eta soinurik ezagunekin, edo islamiarrek gehien erabiltzen duten produktu eta espeziak erakutsiz.

Aipatutako euskarri guztien bitartez, "kulturen arteko elkarulertzea sustatu eta ikusmira zabalagoa hedatu" nahi dute gizartean, "kultur aniztasunaren esanahia aberasgarria izan dadin, ez norgehiagokarik sortzeko".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun