Terraza eta kanpoko barren instalazioa arautzen duen ordenantza berriak irisgarritasun neurriak bete eta inguruaren irudia zaintzera behartzen ditu tabernak. Azken osoko bilkuran behin behinean onartu zen ordenantza honek kontzeptuak argitzen ditu eta aurreko arautegia hobetu egingo du, erabilera publikoko gunetako erabilera zuzena eta egokia bermatzeko herritar guztiek terrazekin goza ditzaten, Presidentzia Arloko zinegotzi Imanol Landak azaldu zuenez. 2004an zehar Getxoko Udalak 73 baimen eman zituen era honetako instalazioetarako.
Irudi bateratua
Beraz, irisgarritasun baldintzak aldatu egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren arautegi berrira egokitzeko, eta horren ondorioz, tabernako fatxadetaraino gutxienez bi metroko pasabidea geratu beharko da oztoporik gabe. Landaren arabera, "dekretuak ezartzen dituen oinezkoentzako ibilbideak gordetzen ditu, hau da, mugitzeko edo ikusteko arazoak eduki ditzaketen pertsonentzat oztoporik gabeko guneak.
Arautegi berriaren berrikuntza garrantzitsu bat da, oinezko gune, plaza zein eremu libre berezietan altzari mota bateratu eta bakarra ipini beharko dela terraza guztientzat. Landak zehaztu duenez, terrazei irudi bateratua eman nahi zaie gune hauetako baldintza estetikoak hobetzeko, hiriko inguruarekin bateratasun handiagoa lortzeaz batera. Honen harira, gaur egun kalean terrazak dituzten tabernek 2006ra arteko epea izango dute neurri berri honetara egokitzeko.
Markak lurrean
Gainera, Udalak mahaiak eta aulkiak ipintzeko tokia mugatuko ditu, lurrean jarriko dituzten marka batzuen bitartez, terrazaren azalera zehaztuz eta gune publikoaren gainean izan ez daitezen. Azalera alboko babes batzuen bitartez ere itxiko dute, itsuek terrazak ezagutu ahal ditzaten.
Halaber, udalerrian izaera berezia duten toki zehatz batzuetan ordenantzak berezitasun batzuk ezarriko ditu, hala nola, Algortako eta Areetako Geltokietako plazetan, Algortako San Nikolas enparantzan, Areetako Eskoletako plazan, arkupetan, Etxetxu plazan eta Kirol Portuan. Terraza hauen ordutegia goizeko 9etatik gaueko 11etara artekoa izango da, eta jai bezperatan 12ak arte.
Isunak
Udal arautegi berriaren beste nobedade bat da arau-hausteak eta dagozkien isunak ere jasotzen dituela, azken hauek, arau-haustearen larritasunaren arabera, 300 eta 3.000 artekoak izan daitezkela.
Ordenantza honen azken berritasuna da San Inazio, Portu Zaharra eta Itzubaltzeta / Erromoko jaietan kanpo aldeetan jartzen diren barrak ere arautzen dituela. Izan ere, barra hauen gehienezko luzera establezimenduaren fatxadaren bestekoa izan beharko da, eta zabalera fatxadatik eta barra artean metro bat terdi baino gehiagokoa ez da izan behar.