Egoitza baimenik gabeko atzerritarren erregulaziorako bilkura informatiboak Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 12a, 21:43

Egoitza baimenik ez duten atzerritarren egoera erregularizatzeko prozesua azaltzeko lau batzar informatiboak emango ditu Getxon Heldu etorkin atzerritarrentzako arreta sozio-juridikorako zerbitzuak. Espainiako gobernuak onartutako Atzerritartasun Araudi berriaren eredua eta etorkinen erregularizatze prozesuari buruz izango dira bilkuren gaiak. Heldu Getxoko Udalarekin jarduketa-protokoloa sinatu zuen 2003ko maiatzean.

Erregularizatze prozesu hori ona izango da egoitza-baimenik eduki ez eta zenbait baldintza bete ahal duten Getxoko bizilagun askorentzat. Zentzu horretan, Getxoko Udaleko Gizarte Ekintza Arloko zinegotzi eskuorde Iñaki Urkizak azpimarratu duenez, “erregularizazio prozesu hau oso garrantzitsua da pertsona hauek gizarte getxotarrean integra daitezen. Arautegi berriari jarraiki, hiru hilabeteko epea izango dute beren egoera erregularizatzeko eta, helburu horrekin, Udal Inmigrazio Arlotik gutun bana igorri zaie Europar Batasunetik kanpoko atzerritarrak bizi diren Getxoko 1.400 etxeetara datozen egunetan burutuko diren hitzaldien gainean informazioa emateko. Etorkinei lana ematen dieten lagunei ere informazio bera bidaliko zaie”.

Baldintzak berbagai

Hitzaldiotan baldintza horiek zeintzuk diren eman nahi da ezagutzera: araudi berria indarrean sartu aurreko hiru hilabeteetan zehar enpresaburu edo enplegu-emaileak egindako erregularizatze eskaria aurkeztu eta sei hilabetez erroldaturik egon izana, gutxienez sei hilabeteko lan kontratua eta Gizarte Segurantzako alta-agiria eduki eta bai Espainian bai jatorrizko herrian zigor-aurrekaririk ez izatea frogatu beharko dute.

Jatorrizko herrialdeko hizkuntzan zigor-aurrekarien gaineko agiria eta indarrean dagoen pasaportea aurkeztu beharko dira ere.

Lau hitzaldi datozen egunotan

Honen harira, Helduk hainbat jardunaldi informatibo burutuko ditu Bizkaian egoera berria azaldu eta erregularizazio prozesuan sartzeko zein baldintzak bete behar diren argitzeko. Getxori dagokionez, urtarrilaren 17 eta 26an egingo dira Erromoko Kultur Aretoan (Lope de Vega, 12) eta urtarrilaren 14 eta 24an Algortako Kultur Aretoan (Villamonte A-8). Hitzaldiak 10:00etan izango dira, hilak 24 eta 26an ezik, 19:00etan izango baitira, eta egoitza-baimenik ez duten etorkin atzerritarrentzat eta erregularizazio tramiteak egiten hasiko diren enplegu-emaileentzat dira.

Izapide horiek Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza Lan eta Gizarte Arazoetarako Sailean egin beharko dira, Bilboko Kale Nagusiko 50ean. Tel.: 94 439 80 16, oraindik zehazteke diren beste toki batzuetan ere egin ahal izango badira ere.

Udalak esku artean darabilen datuen arabera, Getxon Estatu espainiarrez kanpoko inmigrazio tasa %4 ingurukoa da eta zenbaki horretatik, %3,4 Europako Batasunetik kanpoko pertsonak dira. Gehienak emakumezkoak dira, 25 eta 45 urte artekoak, hegoamerikarrak eta etxe lanak egiten dituztenak.

Gaiaren inguruko berriak:

Getxon %4 dira espainiar estatutik kanpokoak eta horiek emakumeak gehien bat (2004 Aza 24)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun