Udalbideri dirulaguntza dela eta, "egitasmo independentista hobestea" egotzi dio Zarraoari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 12a, 23:12

"Berriro ere, bere egitasmo abertzale-independentista udalerriko benetako premien gainetik jartzea" egotzi dio Iñaki Zarraoa alkateari Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak. 2004ko abenduaren 28ko udalbatzan "Udalbiltzaren oinordeko den Udalbideri" 30.000 euroko diru-laguntza ematea erabaki zelako egin du salaketa popularren ordezkariak.

Herritarren dirua gastatzerako orduan "zorroztasun eza ikaragarria" erakusten ari da Iñaki Zarraoa alkateak, Arruek salatu duenez. Are gehiago, "horrelako diru-laguntzak legezkoak diren zalantzan jartzen duen" Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak aurkeztutako txostenari "muzin egitea" leporatu dio. Getxoko PPko bozeramailearen ustez, "premia larriagoak dauzkate Getxoko auzokideek eta horiei eman beharko litzaizkieke diru-laguntzak".

"Horrelako jokabideekin, Zarraoak eta udal gobernua osatzen duten gainerako zinegotziek euren egitasmo politiko abertzale-independentista beste edozeren gainetik jartzen dutela argi eta garbi dago", gaineratu du Arruek. "Beste behin ere, Getxon beste gobernu-hautabidea beharrezkoa dela agerian" geratu da, bere ustez, "PPk ahalbidetzen duena alegia".

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak esana

Hala ere, Arruek esandakoaren harira, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak aurkeztutako txostenak ez ditu Udalbideri emandako diru-laguntzen legezkotasuna zalantzan jartzen. Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek emandako diruetan hutsak sumatu eta behar besteko jarraipena ez zaiela egin adierazten du. Hain zuzen ere, aipatu idatzia, gehiengoaren botoaz onartu bazen ere, auzitegiko hiru kidek PSE-EEk eta PPk proposatuta izendatutakoek txostenarekin desadostasuna agertu zuten boto partikular baten bidez, Auzitegiak dirulaguntzen legezkotasunari buruzko iritzirik ematen ez duelako, haien ustez legea urratzen baitute EAJ eta EAko Udalbiltzari ematen zaizkion laguntzek.

Gainera, diru-laguntzak Udalbiltzak ez dituela jasotzen aipatzen du txostenak "horretarako entitate juridiko nahikorik ez" duelako. Udalbidek jasotzen ditu aipatu dirulaguntzak.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren txostena eskuratu (pdf formatuan)

Gaiaren inguruko berriak:

Udalbideren laguntzetan hutsak sumatu ditu Kontu Auzitegiak - Berria (2004 Abe 23)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun