Sainz Lobato aske irtetea galarazi du Espainiako Auzitegiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 13a, 15:55

Espetxean 17 urte egin ondoren gaur atera behar zen Sangoneratik (Murtzia) Edorta Sainz Lobato. Hala ere, Leioako euskal preso politikoa aske irtetea galarazi du azken orduan Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko epaileak. El Correo Españolek aipatzen duenez, atzo goizeko azken orduan eman zuen agindua aipatu magistratuak. Sainz Lobato etxera ekartzeko Murtziara joandako senide eta lagunek, berriz, gaur izan dute horren berri, Leioako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez.

"El Correo Español"ek aipatzen dituen Espainiako Barne Ministerioko eta epailetzako iturrien arabera, "presoak espetxean jasotako onurak aztertu beharra" argudiatu du epaileak Sainz Lobato aske ez uzteko, Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hura kaleratzeko erabakia hartuta zeukan arren.

Hain zuzen ere, 1973ko Zigor Kodearen arabera epaitu eta erredentzioei ezker hurrengo hiru urtetan kalera aterako diren hogei bat presoren txostenak aztertuko dituela iragarri du egun hauetan Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiak. Hain zuzen ere, Iñaki de Juana Chaosen kaleratzea baliogabetu ostean, Sainz Lobatoren aurkakoa da ildo horretan emandako lehendabiziko agindua. Guztira, 34 urteko kartzela zigorra zeukan Leioako presoak eta gainetik 13 inguru kentzea lortu du, 1973ko Zigor Kodeak aurrikusten zuen bete beharreko gehienezko 30 urteetatik.

"Bahiketa"

Leioako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek "bahiketatzat" jo dute Sainz Lobato kartzelatik irtetea oztopatzea. "Berriro ere bahitu dute, eta orain ez dakigu bi egun barru, datorren astean edo noiz aterako den", adierazi diote UKBERRIri. Izan ere, Jose Luis Castro epaileak emandako aginduaren gainean, senideek eta lagunek ez dutela informaziorik jaso salatu dute. Are gehiago, gaur izan omen dute horren berri presoaren bila Murtziara joandakoek. Sanchez Lobatoren abokatua, berriz, Madrilen dago "zer gertatzen den argitzeko".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun