Sopeloztarra zen Bizkaiko Zubitik furgoneta erortzean itotakoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 13a, 21:08

Garabi baten laguntzaz atera dute, arratsaldeko laurak baino lehen, Bizkaiko Zubitik uretara erori den furgoneta. Hasieran barruan lagun gehiago egon zitezkeela pentsatzen zuten arren, orduan egiaztatu ahal izan dute gizon bakarra zihoala ibilgailuan. Hain zuzen ere, 15:10 aldera berreskuratu dute urpekariek gidariaren gorpua, JI.M.U. 53 urteko Sopelako bizilaguna, Ertzaintzak jakinarazi duenez, garraiobidea egunero erabiltzen zuen Bilboko Portuko langilea. (Argazkia, IzaroNews.com)

Areetarako bidaia hasi baino lehen Portugaleteko ibaiertzean zegoela, 13:40ak inguruan erori da uretara, Bizkaiko Zubiko garraio plataformatik, JI.M.U. sopeloztarra zihoan furgoneta. Ezbeharraren arrazoiak oraindik argi ez dauden arren, antza, ibilgailuak gelditzerik ez du izan edo beste batek jo du atzetik eta, babeserako hesia hautsi ostean, itsasadarrera joan da.

Lekukoen arabera, gizon bat bota da uretara erori den auto barruan zihoazenak ateratzeko. Izan ere, hasiera batean nahasmen handia zegoen eta furgonetan lagun bat baino gehiago joan zitekeela uste zuten bertan zeudenek. Laster iritsi dira Ertzaintza, Gurutze Gorria, Udaltzaingoa eta bestelako zerbitzuak. Gidariaren gorpua atera eta berrogei bat minutura egiaztatu ahal izan dute barruan beste inor ez zegoela. Hala ere, 16:45ak arte lanean jarraitu dute urpekariek, badaezpada. Azkenik, egoerak bere onera egin du.

"Segurtasun hutsegiterik ez"

Oraindik urpekariak lanean zebiltzala, Bizkaiko Zubiko garraio plataformaren segurtasun neurriek huts egin dutenik baztertu du Mikel Cabieces Portugaleteko alkateak. Hala ere, ur gaineko garraioa izanda arriskuak badaudela onartu du udal mandatariak, "horrelako gertaerak ohikoak ez diren arren". Gainera, hildakoa Bizkaiko Zubia "ondo baino hobeto" ezagutzen zuela adierazi du Cabiecesek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun