Itzubaltzetatik Urduñako Txarlazo mendirako txangoa antolatu dute iganderako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 14a, 15:56

Gazte Enbata Itzubaltzeta / Erromoko konpartsak urtarrilaren 16rako, igandea, Txarlazo mendirako ibilbidea antolatu du. Goizeko 8etan elizatik abiatuko den txangoan parte hartzeko herriko gazteak publikoki animatu ditu Gabairen irudia erabiltzen duen konpartsak. Araba eta Bizkaiko mugan badago ere, Bizkaiko Urduña hiritik igo behar da Txarlazo, 938 metroko mendia. Txarlazok hainbat mendi tontor ditu inguruan. Besteak beste, Arando / Santiago, Bedarbide, Beratza, Solaiera, Tologorri eta Ungino.

Bi irudirekin lotuta ageri da beti mendi hau, tontorrean katolikoek eraikitako saindutegi bitxia eta hego-ekialdeko ertzaren zoko baten zutitzen den monolito ospetsua, "Pico del Fraile" delakoa. Tontorrean, aipatutako eraikinaz gain, hainbat antena instalazio zatar ere bada. Igoerabide erabiliena Urduña aldekoa izango da seguraski, Antiguako Ama Birjinaren saindutegitik abiatzen dena. Ohiko abiapuntuen artean aipatzen ez den beste aukera bat Tertanga herritik abiatzen da, "Pico del Fraile"ren magaletik pasatuta goiko ordokira ateratzen dena, baina ez da besteak bezain erraza eta nabarmena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun