Uste dut euskaldun gehienok sakonean europar sentitzen garela. Europako gainerako herrien artean, gurea da hemen luzaroen bizi izandakoa, eta berton, etenik gabe, milaka urtetan egon gara finkaturik. Izan, geu gara europar guztietatik jatorrizkoenak, eta horren froga euskara bera dugu, orain dela lau mila urte inguru Asia Txikitik hona helduriko indoeuropar hizkuntzak baino askoz ere lehenago gure artean mintzatua.
Bestalde, "europar" adjektiboa izendatzeko modu neutrala iruditzen zaigu, geografi eremu baten erreferentzia egiteaz gainera, orain arte bederen, kutsu politikorik gabea izan baita. Horrexegatik ez gaitu inoiz ordezkatu, ez eta faltsutu nahi izan ere, osatu eta aberastu baizik. Hortaz, ez dago arrazoirik guk ere bera onets ez dezagun. Egia da, ordea, oraingo Europar Batasuna gure atzetik egin dela, bera osatzeko orduan ez dugula euskaldunok nazio-ordezkaritza propio egokirik ukan hor geure herri-nortasun eta interesak behar den bezala defendatu ahal izateko.
Ez da gezurra, bestalde, oraingo konstituzio honen lehen idazketan Estatu handien eta botere ekonomikoen interesak garaile atera direla hango herri-klaseen nahi eta aspirazioen gainetik. Halere, behin Sovietar Batasuna desagertu ondoren, amerikar inperialismoaren harrokeria gero eta lotsagabeagoaren aurrean, hautabide errealista hoberik ezaz, ez zaigu Europa Batuaren irtenbidea besterik gelditzen, ekialdeko eta, batez ere, mendebaldeko oraingo barbarotasun fundamentalistari bere balio demokratiko eta sozialak kontrajartzeko.
Benetako herriak hutsesten ari dira
Halere, frantses jakobinoen azpikeria maltzurrei esker, Europar Konstituzio honek ez ditu bere baitan ezagutzen gure kontinentea osatzen duten egiazko herriak, ez horien hizkuntzak eta kulturak ere onartzen, oraingo Estatu soilenak baizik. Espainiako gobernariek, beren konstituzioaren arabera, Estatua osatzen duten nazionalitate eta herri guztien interesen alde jokatzera obligaturik zeuden arren, hori alde batera utzi eta euskaldun, katalan eta galegoak ez balira bezala jardun dute, gure mintzairak eta baztertuz. Eta horren ondoren, botoa eskatu nahi digute. Gu gaitzesten, gu nazioen mapatik ezabatzen eta hispaniartasun abstraktuan urtu gura gaituen konstituzioaren alde botoa eman dezagun nahi dute, hor gure hizkuntzak, milaka urtetan gure biziraupen nazionalaren oinarri eta histori oroimenaren gordeleku direnak sartu eta egokitzeko tokirik izan ez arren.
Ironia benetan tristea gurea, Europako lehen biztanleen ondorengoak izan eta maite dugun Batasun honen Konstituzioari ezetz esan beharra, hutsesten gaituelako. Burura datozkigu, ezinbestean, Obermann-en hitzak, gure erkide Migel Unamunoren parafraseatuak: "Erreserbaturik bazaigu ere, egin dezagun ezereza injustizia izan dadin; borroka dagigun patuaren aurka, garaitzeko esperantzarik gabe ere; borroka dezagun haren aurka Quixote gisa".
Ulergarria da, orain onesteko aurkezten den testuan beren nazionalitatearen osagarriak ongi babesturik ikusita, alderdi espainolistek aldeko botoa eskatzeko kanpainan jo eta ke jardutea. Ezin dut ulertu, ordea, euskaldun abertzale batzuek ere gauza bera egitea, aurretik inolako baldintza edo erreparorik jarri gabe, txekeak zuritan sinatzeak zer nolako ondorio hondagarriak ekar diezazkigukeen konturatzeke. Badirudi ahantzi dutela Espainiako konstituzioa gure artean ez onartzeak ondotik Estatutua ekarri zigula, garai eta egoera hartarako letraz eta ahalmenez eskuzabala, geroago bete ez bada ere.
Askoz ere zentzuzkoago dirudi alderdi katalan batzuek, proposaturiko bidean, baiezkoa eman baino lehena Espainiako Konstituzioa aldatzeko akordio batzuk lortzen saiatzea, horrela europar etorkizunean gure nortasun nazional eta linguistikoa errespetatuak izateko garantiak lortuz. Horretarako, premiazkoa litzateke gaztelaniaz gainera, Espainiako gainerako hizkuntzak ere ofizialtasun berberaz hornitzea, hiritar guztiek administrazio zentralarekin nork bere hizkuntzaz tratatzeko aukera izan lezaten, hori, orain arte, gaztelaniadun elebakarren pribilegio lotsagabea izanik.
Hizkuntz eskubideak
Jakina, horrek aldean hauxe lekarke, gaztelaniaz besterik mintzo ez diren erkidegoetako eskoletan penintsulako beste hizkuntzak ere ikasteko aukera eskaintzea. Bide-seinaleak, organismo publiko orokorren izenak, dirua, posta-zigiluak, inprimaki ofizialak, elikagaien eta merkatal produktuen etiketak, ekoizkinak erabiltzeko abisuak eta erosleentzako oharrak, adibidez, eskuarki Espainiako hizkuntza guztietan agertzea. Horrela, katalan, galego eta euskaldunok ez genuke oraingo lotsa eta amorrua pairatu behar, Espainiako ekoizle askok beren produktuak frantses, ingeles, aleman eta arabiarrei nori bere hizkuntzan etiketaturik eskaintzen dietela ikusita, eskubide hori "etxekoei" ukatzen diguten bitartean.
Kontua ez da Caceres edo Almeriatik dabiltzan turista galego, katalan edo euskaldunek bertako administrazio lokaletan nork bere hizkuntzan berba egiteko eskubidea eskatzea, baizik eta Estatu zentralaren bulegoetan beren mintzaira propioan onartuak izateko aukera onartzea, horren kariaz, eta, batez ere, beren hizkuntzak Europar Batasuneko organismoetan erabiltzeko eskubidea bermatzeko.
Gauza bera esan genezake nazionalitate historikoei, hala nahi badute, nazioarteko harremanetan kultura, ekonomia eta kirol ordezkaritza propioak izateko eskubidea bermatzeko, Espainiako konstituzioa aldatzeaz. Beraz, logika onean, aurretik eskatu behar dira herri gisa bizirik irauteko garantiak. Bestea, baldintza eta kontraemaitza horiek inola ere itundu gabe oraingo Europar Konstituzioari baiezkoa ematea, ilogikoa bezain suizida litzateke.
Berria egunkarian 2005eko urtarrilaren 11an argitaratutako artikulua