EHUk EAEko kablerik gabeko sarbiderako sarerik zabalena sortuko du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 17a, 21:53

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) laster izango du Interneterako sarbidea banda zabalean eta kablerik gabe, bere 55 eraikinetako 175 gune zehatzetan. Unibertsitateko guneetan doako Wi-Fi sarbidea izango dute, lehenik eta behin, unibertsitateko kide guztiek (60.000 pertsona, ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak barne). Hauek Unibertsitateko barneko sarera eta Internetera sartu ahal izango dira. Bigarrenik, Unibertsitatekoak ez diren bisitariak Internetera sartu ahal izango dira. Gaur egun Wi-Fi sareak daude zenbait fakultatetan, baina proiektu honen bidez EAEko unibertsitate publiko osora zabaldu nahi dira.

Prentsa oharraren bidez EHUk jakinarazi duenez, "unibertsitateko kideek sistema hau erabili ahal izango dute erabiltzaile eta pasahitza pertsonalizatuaren bidez; bisitariek, berriz, sarbide bono doakoak eskuratu ahal izango dituzte liburutegietan eta atezaindegietan". Erabiltzaileak ordenagailu eramangarrien bidez konektatu ahal izango dira (ordenagailuek kablerik gabeko antena edo txartel bateragarria izan behar dute). EHUk kablerik gabeko txartelak ez daukaten erabiltzaileei banatuko dizkiete maileguan eraikin guztietan.

Ordenagailu zein PDArentzat

SPRI enpresa publikoaren laguntza izango du hedapen honek, Euskadi Informazio Gizartean Planean kokatuta dagoen “Konekta Zaitez WIFI” programaren bidez. Programaren helburua ordenagailu eramangarriak edo PDA dauzkaten pertsonek leku publikoetan Internetera kablerik gabe sartzea ahalbidetzea da. Gaur egun eskuko ordenagailu berri gehienek Wi-Fi txartela daukate, eta ez daukatenek eros dezakete 30 euroan gutxi gora behera. EHUk zabaldutakoaren arabera, Fakultate eta eskola "guztietan" izango dute Wi-Fi sistema eta sarbideak egongo dira liburutegi, kafetegi, ikasgelategi, lorategi edo hallak bezalako gune publikoetan. EHUko ikastetxeez gain, Ostalaritza Eskolan, Miramar Jauregian edo Miramongo Parke Teknologikoko Arbide Dorrean ere jarriko da.

Proiektuaren finantzaketak 250.000 euroko inbertsioa behar du eta %62 SPRIren ‘Interneterako sarbidea eta Wi-Fi mugikortasuna’ programaren dirulaguntzaren bidez ordainduko da. Martxan jartzeko prozesua honako hau izango da: instalazioa hiru hilabeteko epean egingo da, 2005eko otsailaren 1etik apirilaren 30era arte. Aldi berean, apurka apurka hasiko da erabiltzen, honako fase hauetan:

1. Fasea: Campus bakoitzeko eraikin batzuetan dabiltzan bisitariak (05/3/15).

2. Fasea: Eraikin gehienak (05/4/15).

3. Fasea: Unibertsitateko pertsonala (05/4/30).

Proiektua bukatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko kablerik gabeko barne sarerik handiena izango da.

Leioako campusean hauekdira plangintzatutako Wi-Figuneak:

Liburutegi nagusia, campuseko landak, Gizarte arloa, ikasgelategia, Errektoretza, Ostalaritza eskola, Esperientzi gelak, Zuzenbide fakultatearen ordezkaritza, Arte Ederretako fakultatea, Zientza eta Teknologia fakultatea, Medikuntza eta Odontologia fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzi fakultatea, Leioako Erizaintza unibertsitate eskola, Lan Harremanetako unibertsitate eskola eta Ikastetxe nagusia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun