Gaizkileek software espioia (troyatarra) erabili izana aipatu zuen atzoko edizioan El Correo Españolek. CyberEuskadik egiaztatu ahal izan duenez, ordea, troyatarra ez da nahikoa horrelakorik egiteko eta "baliteke gaizkileek aurrezki kutxak bezeroari ematen dion kodeen zerrenda lapurtu izana" iruzurra egin ahal izateko.
Agiri hori "behar-beharrezkoa" da Internet bidez BBKn eragiketak egin ahal izateko. "Kode horiek halabeharrez jarri behar dira, eragiketa batetik bestera mode ezberdinean konbinatuz", diote webgunean. Hortaz, troyatarra ez litzateke nahikoa izango. "Horren bidez kontuaren klabeak ezagutu arren, zenbat diru dagoen eta horrelako datuak ezagutzeko aukera baino ez luke edukiko iruzurraren egileak", azaldu dute CyberEuskadin.
Diru gehiago lapurtu nahi zuten
Abenduaren 4an eta 6an mugimendu arraroak antzeman zituen BBKren banka elektronikoko zerbitzuak eta ezeztatu egin zituen sei operazio. Operazio horietan beste 30.069 euro atera nahi zituzten kontu korrontetik, baina ezin izan zuten lortu BBKren segurtasun iragazkiek gehiago lapurtzea eragotzi zutelako.
Segurtasun informatikoaz arduratzen diren adituak jo eta ke ari dira lanean horrelakorik gehiago gerta ez dadin. Izan ere, egun, ia 2,5 milioi erabiltzaile ditu on line bankak Espainiako Estatuan.