Zortzi obra hauen eta deialdia osatu duten gainontzekoen erakusketa urtarrilaren 27a arte izango da ikusgai Leioako campuseko Liburutegi Nagusiko Erakusketa Aretoan, 11:00etatik 18:00ak arte, astelehenetik ostegunera, eta 11:00etatik 14:00ak arte, ostiraletan. Leioako erakusketa bukatzean, Barakaldon eta Gasteizen izango dira ikusgai obrak.
Trebakuntzaren osagarri
Ondare artistikoa eskuratzeko sariketa Arte Ederren Fakultateko bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleei zuzenduta dago. Edozein euskarritan edo teknikarekin aurkez ditzakete lanak, eta trebakuntzaren osagarri modura antolatzen da. Horrela, ikasle bakoitzak salneurria jartzen dio bere obrari (755 euro gehienez), eta aukeratua izaten bada, diru hori ikasleari ematen dio EHUk. Deialdi honetan inbertiturikoa 5.000 euro inguru izan da.
Jun Ignacio Perez EHUko errektorea izan da lanak aukeratzeko epaimahairen buru, eta berarekin batera izan dira Javier Riaño Bilbao Arteko zuzendaria eta Asier Mendizabal artista.
