Iñaki Zarroa Getxoko alkatea prentsaren aurrean deklaratu duenez leherketa "potentzia handikoa" izan bada ere "kalte txikiak" sortu ditu kristalak, sabaiak eta kotxeengan. Zauritu batzuk erangin ditu eztandak, guztiak arinak, eta bakarra eraman behar izan dute Basurtuko ospitalera. Ertzainetako bat, alegia. Bestalde auzokide dozenaka batzuk bere etxeetatik kanpo daude Ertzaintzak ikerketa lanak egin bitartean.Udalak ez du baztertu hoteletara eramatea. "Trasladatu behar badira egingo dugu" esan du Iñaki Zarraoak.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi eta hainbat hedabidek jasotakoaren arabera, 14:28an bonba-auto batek eztanda egin du Areetako Santiago Zabala kalean. Antza, 14:00ak aldera "Gara" egunkarira deitu dute ETAren izenean Peugeot 306 batek eztanda egingo zuela esateko. Era berean, Artxanda mendian gizon bat kateatuta utzi dutela esan du telefonoz deitu duenak. Ertzaintzak baieztatu duenez, 15:00etarako aske zegoen gizona.
Artezilariak
Deia jaso bezain laster horren berri eman dio Ertzaintzari "Gara"k. Artezilariak bertaratu eta berehala hasi dira ingurua ixten. Baina, badirudi, zeregin horretan ari zirela lehertu dela autoa. Izan ere, Euskal Telebistak berak jasotako lekukoen adierazpenen arabera, bi ertzain ingurua ixten ari ziren leherketa gertatu denean, eta korrika alde egin dute. Ondorioz, emakumezko ertzain bat Basurtuko ospitalera eraman dute arin zaurituta. Erietxeko arduradunek esan eta ETBk jaso duenez, ez du konorterik galdu, eta buruan eta aurpegian hainbat zauri ditu.
Bestalde, Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, goizean salaketa jarri du Bilbaoko gizon batek autoa lapurtu eta mendian kateatuta utzi dutelako. Antza, gizona bere kabuz askatu da, eta Txurdinagako polizia-etxera joan da salaketa jartzera.