Alderdi jeltzaleak "konpromisoaren garaia" dela eta bide demokratikoetan "gauza guztien gainetik, bizitza eskubidea" defendatu beharra dagoela adierazi du. Iñigo Urkullu EAJko Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak gaitzetsi egin du ETBri egindako deklarazioetan, gaur arratsaldeko lehen orduan Areetan gertatu den atentatua eta Batasunari erreferentzia zuzena eginez, "horrelako gertakarien aurrean isilik geratzen direnek bonbak jarri eta euskal herritarrak hiltzen dituztenei protagonismo politikoa" ematen dietela adierazi du.
Horregatik, Urkulluk esan du oraintxe dela garaia Batasunak euskal gizarteari garbi adierazteko "herri honen arazoak gainditzeko lan egiteko prest dagoela eta hor lekurik ez dutela helburu politikoak defendatzearen izenean, bortizkeria erabiltzen dutenek".
Bizkaiko EAJko buruak argi du "herri honek bakean jarri dituen esperantzak jarri eta gero" ez dagoela "espekulazioentzako lekurik". "Euskadiko normalizazio politikoaren eta bakearen alde lanean ari diren pertsona eta erakunde orok gaitzetsi egin beharra daukate gaurko atentatua, inolako zalantzarik gabe".
PSE-EEren jarrera
Rodolfo Ares PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak ere alderdiaren iritzia kaleratu du Areetako atentatuaren ondoren eta ETAri "alde guztietatik" aurre egiten jarraitu beharra dagoela adierazi du. Horretarako, "irmotasun demokratikoa"ren aldeko aldarria egin du eta "Zuzenbide Estatuak erakunde terroristaren aurka jo eta ke lan egin" behar duela esan du.
ETAren azken atentatua gaitzetsi du buruzagi sozialistak ETBri egindako adierazpenetan, eta euskal nahiz Espainiako gizarteari zuzendu zaio Ares bere alderdia "ETAren aurka gogor" arituko dela adieraziz, "Zuzenbide Estatuaren instrumentu guztiekin bortizkeriarekin amaitzea lortuko dugu, eta, azkenean bakea eta askatasuna gailenduko da Euskadin eta Espainia osoan".
Ezker Batua-Berdeaken komunikatua
Europa Pressi bidalitako komunikatu batean, Mikel Arana Ezker Batua-Berdeak alderdiko Presidentziako bozeramaileak ETAk arratsaldean Areetan egindako atentatuaren aurrean bere "kondena sutsua" adierazi du. Era berean, babesa eta elkartasuna erakutsi die zauritutako ertzainari eta inguruko auzokide kaltetutakoei.
Aranaren aburuz, ekintza honek ETA eta Batasunaren barruan "gatazkan dauden bi sektore daudela" argi utzi du. Ezker Batuak-Berdeakeko bozeramaileak esandakoaren arabera gehiengoa batzen duen taldeak "biolentziak bere azkena egin duela eta euskal gatazka giza eskubideen errespetuaz, elkarrizketaz eta era demokratikoaz baino ez dela konponduko onartu du". Gutxiengoak, aldiz, "biolentzia eratzun bakarra delakoan dago".
Era berean, "ETA eta Batasunaren barruko sektore nagusi horrek bakearen aldeko urrats garbia eman behar" duela dio Aranak eta Arnaldo Otegiri atentatua erabat gaitzesteko eskatu dio, "Anoetako adierazpena eta Zapaterori bidalitako gutun irekiarekin koherenteki".
Aralarren balorazioa
Aralarrek UKBERRIra bidalitako balorazioak hitzez hitz dino: "Aralar alderdi politikoak txartzat jotzen du Getxon izan den atentatua. Aralarren ustez horrelako ekintzek bakea eraiki ahal izateko beharrezko den elkarrizketa oztopatu baino ez dute egiten, eta, ildo horretatik, kaltegarriak dira abertzale guztientzat, baina bereziki ezker abertzalearentzat. Aralarrek adierazi nahi du inork ez diola zertan herri honi gatazka bat dagoenik gogorarazi; gatazka hori ETA sortu aurretikoa da eta ETAren ondoren ere iraungo duen gatazka delako. Aralarrek hitzetatik ekintzetara igarotzeko ordua dela uste du eta berretsi egiten du atzo bertan Espainiako gobernuari eta ETAri arduraz joka dezaten egindako eskakizuna".
Gaiaren inguruko berriak:
PPren ustez "ETAk babestutako akordioei muzin-egiteko garaia da"
Atentatua gaitzesteko elkarretaratzea antolatu dute biharko
EAk "arbuio osoa" agertu dio atentatuari
Balzaren ustez ETAk "biktimak sortzeko borondatea" zeukan
Espainiako Gobernuak ETAren kontra "azken uneraino" borrokatuko dela esan du Luesmak
"Udalaren izenean desagertzeko" eskatu dio ETAri Zarraoak
Santiago Zabala eta Ondategi kaleen artean leherrarazi dute bonba-autoa
Eztanda gogorra izan omen da Negubide aldean