Ondategin atzo arratsaldean hasi ziren lanean udaleko garbitzaile-brigadak eta dagoeneko "nahiko txukun" dago zonaldea, Zarraoak zehaztu duenez. Eraikinetan izandako kalteen ondorioz, familiaren bat edo beste etxez aldatu beharko balitz, hotel batean sei gela bikoitz erreserbatzea erabaki zuen Getxoko Udalak, gastuak bere kontura. Prentsaurrekoan bertan Zarraoari telefonoz baieztatu ahal izan diotenez, familia bat osatzen duten lau lagunak dira gaua aipatu hoteleko bi gelatan igaro dutenak.
Horrekin batera, horrelako gertaeretan zein pausu eman behar dituzten azaldu zaie kaltetutako bizilagunei: Ertzaintzaren aurrean salaketa jartzea eta euren aseguru-etxeei deitzea, alegia. Aurrera begira, bizilagunei kaltetutako etxeak konpontzen lagundu ahal izateko neurriak hartuko ditu Getxoko Udalak. Beharrezkoak izango ez direla uste duten arren, egongo direla adierazi dute udal arduradunek.
Hipotesiak eta espekulazioak
"ETAk hildakorik eragin nahi zuen ala ez" galderari erantzunez, erakunde armatuaren asmoa zein zen ez dakiela erantzun die kazetariei Getxoko alkateak. Abisua eman zenetik bonbak eztanda egin zuen arte "oso denbora gutxi" egon zela gaitzetsi du Zarraoak eta, hala ere, "denbora egonda, bertan ibil daitezkeen bizilagunak eta polizia agenteak ezin ditu kontrolatu bonba jartzen duenak. Beraz, zaurituak eta hildakoak izateko arriskua bazegoen, Arnaldo Otegik esandakoa esanda ere", zehaztu du. "Horrelakorik egon ez delako gaude pozik, baina deia egiteak ez du justifikatzen bonba jartzea", deitoratu du udal mandatariak.
"Enpresarioen aurkako erasoa izan den ala ez" galderari, berriz, haserre erantzun die kazetariei Zarraoak, bere ustez, Getxo udalerriko beste guneetan bezala, "eztanda izan den lekuan jende mota oso ezberdinak bizi dira". "Hain zuzen ere, bere etxea utzi behar izan duen familiak ez dauka enpresa munduarekin zer ikusirik. Eta izango balu ere ez da arrazoia bonba jartzeko. Euskal oligarkiaren aitzakia aspaldiko kontua da", azaldu du alkateak.
Azken eguneko itxaropenak
"ETA Getxon berragertzea adierazgarria" denik ez du uste Zarraoak, "leku batean zein bestean izan garrantzi gehiago ala gutxiagorik ez duelako". Zentzu globalago batean, azken asteetan sorturiko "itxaropenak beltan behera" gelditzea adierazgarriagotzak jo du. "Balizko bake prozesu bat martxan jarri zitekeela uste genuen eta etorkizuna argiago ikusten genuen, baino orain ate horiek itxita edo bide horretan daude", sentitu du alkateak.
Areeta inguruko bizilagunak "nazkatuta" egotea ulergarri ikusten du Zarraoak, bera alkatea den aldetik "berdin-berdin" sentitzen duelako. "Lau autok eztanda egin eta beste bat desaktibatu behar izan dute bertan, nola ba ez dira egongo nazkatuta!", dio Zarraoak. Hain zuzen ere, gertaera guzti horiek gora eta behera, "ETAren xantaiaren aurrean ez etsi" eta euren etxeetan jarraitzeagatik "zorionak" eman die auztarrei.
Gaiaren inguruko berriak:
"Nabarmendu nahia" egotzi dio Gotzone Morari Getxoko alkateak
EAJ, PSE-EE, EB-Berdeak eta Aralarrek ere atentuaren inguruan jardun dute (2005 Urt 18)
PPren ustez "ETAk babestutako akordioei muzin-egiteko garaia da" (2005 Urt 18)
Atentatua gaitzesteko elkarretaratzea antolatu dute biharko (2005 Urt 18)
EAk "arbuio osoa" agertu dio atentatuari (2005 Urt 18)
Balzaren ustez ETAk "biktimak sortzeko borondatea" zeukan (2005 Urt 18)
Espainiako Gobernuak ETAren kontra "azken uneraino" borrokatuko dela esan du Luesmak (2005 Urt 18)
"Udalaren izenean desagertzeko" eskatu dio ETAri Zarraoak (2005 Urt 18)
Santiago Zabala eta Ondategi kaleen artean leherrarazi dute bonba-autoa (2005 Urt 18)
Eztanda gogorra izan omen da Negubide aldean (2005 Urt 18)