Gaur argitaratu den Garraio eta Herrilan Sailak abenduaren 13an onartutako ebazpenak zehazten du tranbiaren behin behineko ibilbidea, aurkeztu daitezkeen alegazioek moldatuko luketena. Proposatutako trazaduraren arabera, "tranbia, Udondo bulebarra izango denaren erdi-erditik joango da, eta Sabino Arana hiribidearekin lotzeko, Iparragirre hiribidearen (Avanzada) alboetako galtzada biak nibelean zeharkatuko ditu, Obeliskoaren parean, eta Elexalde kalearen ezkerreko aldetik egingo du aurrera harik eta udaletxea igaro arte. Hor, galtzadaren beste aldera igaroko da tranbia, eta Unibertsitatean Arte Ederren Fakultatearen eta Errektoregoaren paretik sartuko da".
Aspaldiko proiektua
Tranbiak Metro Bilbaok Leioan duen geltokia eta Leioako campusa lotuko ditu. Horrela, egunero milaka ikasle eta langileei zerbitzua emateaz gain, leioaztar guztiei metroa erabiltzeko aukera emango die. Orain arte autodunek baino ez zuten aukera geltokian bertan egindako parkinga erabiliz metroa hartzeko. Ez da lehenengo aldia Leioako tranbiari buruzko proiektuaz hitz egiten dela, aspaldiko kontua baita. 2001. urtera arte proiektuak Zamudioko parke teknologikoa eta Loiuko aireportua ere lotzeko helburua zuen.
Data barik gelditu da ikerketan dagoen tranbia linearen bigarren fasea: Urbinaga-Leioa. Bidegune horrek Ibaizabalen bi erriberak lotuko ditu eta era berean metroaren 1. eta 2. lineen lotunea izango da. Renfeko trena ere bertan hartzeko aukera aurreikusten da.
Geralekuak
"Deia" egunkariak gaur iragarri du tranbiaren lanak urtea bukatu baino lehen hasiko direla eta lineak bere 4 kilometroetan 10 geraleku izango dituela. Aldaketarik ezean, Leioa-Metro, Udondoko Boulevard, Sabino Arana, Sakoneta polikiroldegia, Unibertsitateko etorbidea, Kultur Leioa, Sarriena, "Irlandesas" ikastetxea, Arte Ederrak eta Kazetaritza fakultatea izango dira geltokiak.
Leioa-EHUko tranbiaren trazadura Eusko Jaurlaritza, EHU eta Leioako Udalak adostu dute, "Deia"n Karmelo Sainz de la Maza Leioako alkateak zehaztu duenez. Otsailaren hasieran "tranbiaren proiektuari buruzko erakusketa hartuko du Kultur Leioak" eta bertan Alvaro Amann "Garraio sailburua izango da" argitu du Sainz de la Mazak, seguraski Maidagan eta Urdulizko trenbide-pasaguneen lurperatze lanekin konparazioak ekiditeko. Tranbiak, beti ere "Deia"ren arabera, bospasei bagoi izango ditu eta bost eta hamabost minutu arteko maiztasuna izango du.
Tranbiaren behin behineko ibilbidea (jpg)