Leioako EHE gezurretan?

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 20a, 14:22
Leioako PNVko euskara zinegotziari erantzunez idazten dut; izan ere, alderdi horren “Gure lurra” aldizkarian Leioako EHEko kideoi gezurretan ibiltzea leporatu baitzigun. Bada, argitu ditzagun gauzak. Lehenago esatea, pena dudala bere «egia», bere alderdiak dituen diru baliabideak medio, leioaztar guztien etxera helarazteko aukera dutelako eta guk, herri mugimenduok, aldiz, baliabide gutxiago izanik, gure «gezurrak» oso bide eskasen bitartez helarazi ahal dizkiogulako jendeari. Espero dugu gauzak argitzeko gutun hau ahalik eta leioaztar gehienengana heltzea.
Harira etorrita, 2004ko urriaren 28ko Leioako osoko bilkurara bertaratu ginen EHEko kide bi, bertan apartheid-aren aplikazioaren ondorioz gure ordezkari omen diren zinegotzien euskararen erabilera maila neurtzearren. Erabilitako metodoa oso erraza izan zen: alderdi bakoitzeko kideek egiten zituzten interbentzio guztiak zenbatu erdarazkoak eta euskarazkoak bereiziz, eta PNVri dagokionez emaitza hauxe izan zen, euren interbentzioen %1ean soilik erabili zuten euskara, hau da, PNVko arduradunek egindako 100 interbentzioko batean izan zuten euskara mingainean. PNVko euskara arduradunak dio osoko bilkura horretan hiru kidek hitz egin zutela eta beraietatik bik euskaraz hitz egin zutela, eta egia da, baina zenbatetan hitz egin zuten? Erdaraz hitz egin zuenak (alkatea) baino askoz ere gutxiagotan; eta are garrantzitsuagoa dena, zer gairi buruz? Euskarari buruzko polemika batean parte hartzeko soilik hartu baitzuten hitza, eta noski, euskarari buruz hitz egiteko erdaraz hitz egitea benetan larria litzateke! Eta horrek zer esan nahi du, euskarak soilik balio duela euskarari buruz hitz egiteko? Ez al du balio zergei buruz, garraioei buruz, gizarte ekintzari buruz... azalpenak eta iritziak emateko? Espero dut PNVko kideek horrela ez pentsatzea, EHEko kideok behinik behin argi dugu, beti, gaia edozein dela ere euskara da komunikatzeko geure hizkuntza, nahiz eta zoritxarrez horretarako oztopoak non eta noiznahi aurkitzen ditugun Nafarroan, Araban baina baita Leioan ere. Ea PNV eta gainerako alderdiak konturatzen diren herri mugimenduaren aldarrikapen legitimoei, eta herritarron eskubideei irtenbideak emateko daudela eta ez herri mugimenduaren aurka harriak botatzeko.

Bukatzeko, bere artikuluan PNVko zinegotziak egin zigun galderari erantzun nahi diogu, berak galdetzen zigun ea guk euskarari nola laguntzen diogun, erantzuna erraza da: oztopoen gainetik euskaraz hitz eginez, herrietan euskalduntze planak bultzatuz, euskararen aldeko ekimenak sustatuz... baina baita euskararen aurkako erasoak salatuz eta erantzukizuna duenari geure eskubideen berma exijituz ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun