Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei arreta nola eman irakasten ari dira Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 20a, 21:40

Gaur goizean abiatu da, genero indarkeria sufritzen duten emakumeen arretarako irizpideak emateko, Getxoko Udaleko Berdintasun Arloak antolatutako bigarren ikastaroa. Gizarte Zerbitzuetan, Getxoko Udaltzaingoan, Ertzaintzan eta Osakidetzan lan egiten duten profesionalei zuzenduta dago ekimena eta Norma Vazquez psikologoak eta familia-terapeutak ematen ari da eskolak. Besteak beste, bihar eta astelehenean izango dira azkeneko bi saioak, 9:00etatik 13:00ak arte, Algortako Kultur Etxean.

Arlo honetan lan egiten duten profesionalak trebatzea da ikastaroaren helburua, tratu txarrak gertatzen direnean horiek antzematen jakin eta arreta berezia eman diezaieten emakumeei. Iñaki Urkiza Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, "tratu txarrak jasaten duten pertsonei arreta hobea eskaintzeko antolatu dugu ikastaroa, biktima babestuta egon dadin eta oinarrizko beharrizanak jaso ditzan (ostatua, urruntzeko aginduak betearazteko neurriak...“.

Bigarren aldia

Hogei bat lagunek parte hartuko dute bigarren ikastaro honetan. Izan ere, orain hilabete bat beste 17 profesional egon ziren ekimen honen lehenengo edizioan. Lortutako emaitzak "oso positiboak" zirela ikusita berriro egitea erabaki dute. Gainera, arlo honetako profesionalen eskaera ikusita, kurtso hauek antolatzen jarraitzeko asmoa dute Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun