Abenduan, Eusko Jaularitzak alkoholaren kontsumoaren kontrako bultzatutako kanpainarekin bat eginez, 193 alkoholemia proba egin zituen Getxoko Udaltzaingoak. Horietariko zazpietan positiboa izan zen emaitza. Urtarrilaren lehenengo bi asteburuetan, berriz, 28 proba egin ziren eta sei izan ziren legez onartuta dagoena baino alkohol tasa handiagoa eman zutenak, Zarraoak emandako informazioaren arabera.
Horretaz gain, gidarietako batek baimendutako abiadura gainditzen zuela egiaztatu zuten udaltzainek, hiruk Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) eginda ez zeukatela, beste seik derrigorrezkoa den asegurua ez zutela eta beste bik ezta gida-baimena ere.
Taxiak
Era berean, udalerriko taxien aldizkako azterketekin jarraitzen du Getxoko Udaltzaingoak. Getxoko Udaleko Barne Arautegi Arloaren ekimenez, aldiro-aldiro, taxi bakoitzak beharrezkoak diren baldintzak (asegurua, gida-baimena...) betetzen dituen egiaztatzen dute polizia agenteek. Eta orain arte, taxilari bakarrari jarri behar izan diote zigorra, udalerrian ibiltzen diren berrogei inguruetatik. Zarraoak azaldu duenez, "zerbitzuak hobera egin du udaltzainen eta taxilarien arteko lankidetzari esker".
Salmentarako ibilgailuak
Salduak izateko kalean jartzen diren ibilgailuei dagokionez, horietatik 17 kontrolatzen ibili da Udaltzaingoa, bertan denbora luzez dagoen edo jabea inguruan bizi den jakiteko. Ibilgailuak kontrolatzen zebiltzala, zortzi kaletik kendu zituzten jabeek, beste bost garabiak eraman zituen eta, azkenik, geratzen diren lauak oraindik zelatatzen dabiltza.