Gazteentzat eskatutako zigorra mantentzea erabaki zuen, pasa den ostiraleko epaiketan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, bere ustez, "froga nahikoak daudelako hirurak etakideak direla esateko". Aginagak, Segurolak eta Zebrianek deklaratzeari uko egin zioten. Baina, horien aurka egiteko zortzi lekuko aurkezteaz gain, atxilotuak izan ziren garaian egindako deklarazioak irakurri zituen fiskalak, "zeinetan talde armatuko kide direla aitortzen dute", magistratuaren hitzetan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, aldiz, "horiek bost egunez inkomunikatuta egon zirenean hartuak" direla adierazi du, eta "baliogabetzat" jo ditu oihu@ (2005 Urt 21) agerkari elektronikoan, hiru gazteak askatzea aldarrikatuz.
Elkartasun adierazpenak
Beste alde batetik, aipatu behar da jende mordoa joan zela Madrilera eta ez zietela guztiei epaiketara sartzen utzi, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Arratsaldean, berriz, preso berangoztarraren hainbat auzotar, lagun eta senide bildu ziren herrian bertan Ibai Aginagari elkartasuna adierazteko.
2003an atxilotuak
Aginaga eta Segurola 2003ko uztailan izan ziren atxilotuak Zebrianen etxean, Berriozarren. Polizia iturrien arabera, leherkariak, arma ugari eta munizioa eta bonbak egiteko gaiak atzeman zizkieten; baita dokumentazioa ere. Gaur egun, Alcala, Murtziako eta Navalcarneroko (Madril) espetxeetan daude, hurrenez hurren.