"Mila urte igaro eta
" ikuskizuna Andolin Eguzkitza zenaren bizitzaren errepasoa da, bere zaletasun eta utzitako idatzietatik abiatuta. Zuzeneko ikuskizunak jazz musika, bidaiak, Zuberoko kantak eta poesia nahasten ditu; hain justu Andolin Eguzkitzaren zaletasun ziren hizkuntzen ezaguera, mundua ezagutzeko nahia eta bidaiatzeko gustukoen zuen trena erabiliz.
Galeuzca osoa gizon batean
Edorta Jimenez izan da "Mila urte igaro eta
" ikuskizunaren gidoigilea eta berak definitzen duenez, Andolinen idatzizko lanak eta hizkuntzen ezagutza zuzena bat datoz bere nortasuna, izaera eta obrarekin. Euskaldun izanik, unibertsala izanik, euskara ikasi zuen ikasi zuen lehenengo hizkuntza izan zen, baina frantsesa ere ikasi zuen; eta bide horretan, ingelesa eta alemaniera ere bai. Eta ez zituen Galeuzca osatzen duten beste herrialdeetako hizkuntzak ahaztu (galiziera eta katalanera). Hori izan zen bere kaleidoskopioa. Eta, munduaren ezagutza horretan, Madrilen zein Parisen morrontzan ibili barik, euskaldunak munduan ezagutzera ematen tematu zen. Bere Euskal Herria, askotarikoa, jaso zuen bere obran eta guk ere mundu hori erakutsi gura izan dugu, utopia hori, grekeratik itzuli zuen Itaka legez.
Unibertsalak
Helburu eta asmo horrekin eratu da "Mila urte igaro eta
" ikuskizuna. Eta, ikusleak jaso beharko lukeen mezuari buruz, Edorta Jimenezek argi dauka: euskaldunak gara, beste edozein hizkuntza hiztunen pare; herria izateko eskubidea daukagu, beste edozein herrialderen pare, eta unibertsalak gara, denetik jaso behar dugu. Hori izan zen Andolinek plazaratu nahi izan zuen mezua eta hori da omenaldira datozenek jasotzea nahi dugun mezua ere; hau da, unibertsalak izateko bokazioa dugula, beste edozeinen parekide eta duintasunez.
Carlos Panerari egokitu zaio "Mila urte igaro eta
" ikuskizunaren zuzendaritza. Korrika 14k landu gura izan duen mezutik abiatu da Carlos Panera, euskaldun berrien lana hizpide hartuta. Kontzeptualki Andolinek bere bizitzan jarraitutako bideari jarraitzen diogu. Bera Santurtzin sortu eta euskara ikasi eta gero beste hainbat hizkuntza ikasi zituela, munduan zehar bidaiatuz. Hortaz, pertsona modernoa bezala aurkeztu gura izan dut. Bizitzaren bidaia horrekin jokatu dugu, Itaka poema 'leitmotiv' bezala hartu dugu. Bideo baten bitartez erakusten da bere bizitzaren bidaia hori.
Sinopsia:
Hau guztia jakinda "Mila urte igaro eta
" ikuskizunaren alde teknikoari erreparatuta, 75 minutu irauten duen saioa da. Edorta Jimenezek berak aurkeztuko du, baina segituan Four Friends jazz bandako klarinetejotzaileak hartuko du Andolin Eguzkitzaren geografian zehar egingo den ibilbidearen gidaritza lana, taula gainean.
Andolin Eguzkitzaren bidaiatzeko zaletasuna da ikuskizunaren haria; bidaia bat da "Mila urte igaro eta
" bere obra eta bizitza uztartuko dituen ikuskizuna. Bost ataletan banatuta dago: Hitzak, Itaka, Islandia, Amodioa eta Azken hitzak. Atalak musikaz lagunduta daude eta musiken arteko kontrastea bilatzeko jazza eta Zuberoko kantak entzungo dira (Andolin Eguzkitzak gustuko zituen doinuak). Tartean Andolin Eguzkitzaren poemak errezitatzen dira, bai eta berak egin izandako erreferentzietatik ateratako olerkiak ere.
Honi guztiari, irudiak lagunduko dio. Batetik bideo baten jasoko dira Andolin Eguzkitzaren adierazpenak eta bere bizitzako pasarteetariko batzuk eta bestetik, haurtzaroa islatzeko, ume batek Andolinek maite zituen tren, hegazkin eta itsasontziekin jolastuko du taula gainean.
Fitxa teknikoa:
Ekoizpena: Korrika 14-AEK
Zuzendaria: Carlos Panera
Gidoigile eta aurkezlea: Edorta Jimenez
Musika: Four Frinds jazz banda
Abeslariak: Niko Etxart, Dominika Etxart eta Robert Larrandabururekin
Rapsodak: Juanrra Madariaga, Aurelia Arkotxa, Ramón Castro
Argiak: Tarima
Bideoa: Ikusmedia eta Eneko Lorente