"Euskararen 7 bekatu nagusiak" lana POK konpainiak propio Korrika-AEK Bekarako landu duen ikuskizuna da. Zazpi pekatu nagusiak euskal munduko egoera desberdinei aplikatzen dizkion ikuskizun arina da, pekatu bakoitzeko atal banatan banatuta. Testua Aizpea Goenagarena da eta Olatz Beobide eta Edi Naudok zuzenduko dute. Oholtza gainean hiru aktore arituko dira: Niko Lizeaga, Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo. Sariak emateko orduan, epaimahaiaren izenean Eneko Olasagastik azaldu zuenez, "herri antzerkiaren iturrietatik edaten duen lana da, umorean oinarritzen dena eta probokazio puntua daukana".
Zazpi istorio labur
Aitzpea Goenaga egilearen hitzetan, berriz, Euskara ikasi, erabili, bizi eta hitz egiteko beharraren arrazoia edo zergatia da Euskararen 7 bekatu nagusiak obraren mamia. Goenagaren testuak, euskarak egunerokotasunean sortzen dituen hainbat egoera bitxiren eta askotan larriren isla egiten du, umorez, ironiaz, zorroztasunez jolastuz, Baina euskararen inguruko arazoak mahai gainean jarri eta jorratuz, erantzunik eman gabe. Izan ere, ikusle bakoitzak bere ondorioak ateratzea da obraren helburua. Horrela bada, egileak zazpi bekatu nagusiak (amorrua, lizunkeria, zuhurkeria, bekaizkeria, nagikeria, hantustea eta tripazainkeria) baliatu ditu, istorio banatan euskarara ekarrita. Beraz, hamarren bat minutuko zazpi esketxek osatzen dute ikuskaria.
Istorio batetik bestera saltoa egiteko argi aldaketa eta musika trantsizioak erabiliko dituzte, baina horrekin batera grabazio bat proiektatuko da eszenatokian egongo den pantaila batean. Ikus-entzunezko horretan Donostiako ikastetxe bateko haurrak agertuko dira euskararen inguruko hainbat galderari erantzuten. Esan barik doa haurren naturaltasunak eta iritzi bitxiek piperra eta gatza erantsiko dizkiotela une batzutan parodiara ere gerturatzen den antzezlan umoretsu eta zorrotzari.
Gaiaren inguruko berriak:
Andolin Eguzkitza omenduko du Korrikak zapatuan (2005 Urt 21)