Igaz egindako galdeketan, beren herriarekiko poztasun-maila ona erakutsi zuten erandioztarrek. Batetik bosteko eskalan 3,59 puntuko nota jarri zioten. Horrekin batera, daukan bizitza-kalitatearekin kontent agertu zen herritarren %49,6. Orokorrean, hobeto bizi zirela adierazi zuten galdetutako gehienek (bosteko eskalan 3,60 puntu) eta bizitza-kaletatearen hobekuntzari dagokionez baikor azaldu ziren (%3,67). Erakunde bezala 3,50eko puntuazioa jaso zuen aipatu galdeketan Erandioko Udalak.
Hainbat gauza hobetu daitezke
Galdeketan aipatzen zirenen artean, zarama-bilketa, hezkuntza eskaintza, herri-segurtasuna, gizarte zerbitzuak eta elkarulertze politikoa izan ziren herritarrek hobekien baloratu zituzten gaiak, udal arduradunen arabera. Haatik, hainbat gai hobetzea eta beste arazo batzuei irtenbidea ematea eskatzen dute erandioztarrek, hala nola, trafiko arazoak edota euskararen presentzia areagotzea. Horretaz gain, etxebizitza, jolasgune eta kultur ekintza gehiago eskatzen dute.