Europako hezkuntza unibertsitarioaren homogeneizazioaren aldeko urratsak ematen ari da EHU

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 24a, 21:50

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) martxan du Europako Kredituaren Sarrera Laguntzeko (EKSL) programa. Modu honetan, 400 irakasle hasiko dira beren irakasgaiak Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Eremura egokitzen, hiru campusetan eginiko jardunaldietan. EHUko iturriek jakinarazi dutenez, unibertsitate guztiek berregokitu behar dituzte irakasgaiak transferentzia-kreditu deiturikoetara, European Credit Transfer System (ECTS) delakora, alegia. Funtsean, Europako unibertsitate guztietan ematen diren ikasketen arteko baliokidetza ezarriko duen transferentzia-sistema da berez.

Prozesu hau prestatzeko, EHUk deialdi publikoa egin zuen joan den abenduan, borondatez parte hartu nahiko luketen irakasleek egokitzapen honetako heziketa-prozesu batean parte har dezaten. Azkenean, 400 bat irakasle izan dira heziketa honetan parte hartzeko konpromisoa hartu dutenak.

Fase ezberdinak, hiru campusetan batera

Heziketa hau zenbait fasetan banatu da: lehena, abiatzeko jardunaldiak, zenbait unibertsitateko adituek hezkuntz aldaketa honen marko orokorra aurkezteko baliatuko dena; bigarrena, 20 orduko heziketa teknologia berrietan, programa berri hau euskarri informatikoan argitaratuko baita; hirugarrena, 20 orduko talde-lana, programak birformulatzeko protokoloari jarraiturik; eta laugarrena, itxiera-jardunaldiak (10 orduko iraupenaz), lorturiko balioespena egitearren.

EKSL programa aldi berean garatiko da EHUko hiru campusetan eta antolakuntzaz Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzua (HELAZ) arduratu da. Alfredo Goñi Grandmontagne HELAZeko zuzendariaren iritziz, programa honetan parte hartzeko motibaziorik sendoena "ez datza proiektu honetan sartu nahi edo ahal dugun ala ez erabakitzean". "Ezinbestean egin beharra dugu, ez dago hautabiderik. Baieztapen hau sarri entzun dut programaren zuzendaritzan parte hartzen dutenen aldetik", gaineratu du.

Irakasle guztiek egin beharko dute

"Europako kredituaren sarrerarantz" izenaz urtarrilaren 25etik 27ra bitartean egingo diren jardunaldiekin bide honi ekingo dioten 200 irakasleak hasierakoak besterik ez dira izango, EHUko 3.900 irakaslek datozen bi edo hiru ikasturteetan bide bera egin beharko baitute.

Izan ere, 2010 mugatzat harturik, herrialde guztiek berregiraturik izan beharko dute unibertsitate-hezkuntza, ECTS kredituetara itzulita. Etorkizunari begira, irakasgai guztien programa guztiak behar dira birmoldatu, irizpide nagusi ikaslearen jarduera harturik eta ez, orain arte bezala, irakasleak irakatsitako eskola-orduen arabera definituruko irakasgaietan oinarrituriko sistema.

Irakasgai bakoitzaren kreditu bakoitzak 30 orduko jardutea eskatuko dio ikasleari, eskoletara joan, azterketen prestaketa, irakurketa eta ikastea, tutoretza edota jarduera praktikoak zenbaturik. Alderdi hauek guztiak jaso eta zehaztu beharko dira irakasgaien programetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun