Bai Euskarari Ziurtagiriak banatuko ditu Kontseiluak asteazken honetan Donostiako Kursaalen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 24a, 22:07

Kontseiluak ekitaldi publikoa egingo du asteazkenean, hilaren 26an, Donostiako Kursaal Jauregian Bai Euskarari Ziurtagiriak banatzeko. Dagoeneko 800 enpresa, saltoki eta entitatek eskuratu dute ziurtagiria, eta urtez urte, kopurua handituz doa. Ziurtagiria dutenek, euskararekiko konpromisoa adierazten diote gizarte osoari. Asteazkeneko ekitaldian, ziurtagiri berriak banatuko dira; lehenengo aldiz lortu dutenei emateaz gain, lehendik dutenei ere berritu egingo zaie. Ziurtagiriarekin batera, Jose Luis Zumeta margolariaren lamina eskuratuko dute parte hartzaileek. Argazkian, iaz Kursaalen egindako Bai Euskarari Ziurtagiriaren ekitaldia.

Ekitaldia Kursaaleko Ganbera Aretoan izango da arratsaldeko 19:00etan. Ekitaldian hitz egingo dute Ramon Etxezarreta Donostiako Udaleko kultura zinegotziak, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko ordezkari eta HABEko zuzendariak, eta Rebeca Arraras Nafarroako emakume zuzendari eta enpresarien elkarteko kideak eta Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari nagusiak. Ziurtagiriak, berriz, Kontseiluko zuzendaritzako kideek banatuko dituzte.

Asteazkeneko ekitaldia, aurtengo ziurtagirien kanpainaren abiapuntu ere izango da. Horretarako, publizitate kanpaina diseinatu du Kontseiluak eta urtarrilaren 27an jarriko da martxan. Karlos Argiñano sukaldariak hartu du parte iragarkiaren grabazioan. Haren jatetxeak badu ziurtagiria, eta Argiñanok, ziurtagiria zer den azaltzeaz gain, euskararen aldeko konpromisoa hartzen dutenak kontutan izateko eskaera egiten du. Promozio kanpaina ere asteazkeneko ekitaldian aurkeztuko dute.

Ekitaldia amaitu ondoren bertaratutakoei luntxa eskainiko zaie.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun