Kargua hartu bezain pronto, soldadu espainiarrak Iraketik atera zituen eta, ordainean, bere buruari adorearen ikurra jarri zion. Hilabeteak aurrera egin, ugariak izan dira Euskal Herriaz egin izan dituen berbak, Zapatero zein aldarte onaren eusle guztien kalterako. Larriagoak izan ziren duela aste gutxi batzuk Mikel Martin Zutik eta EHGAMeko kideak pairatu zuen jipoiaren harira esandakoak, Gara kazetak esandakoa bermerik ez ziola eskaintzen, batetik, eta gauzak zartadaka ez zirela konpontzen bigarrenik.
Donostiako erasoaren egileak bi militar izan zirela jakin genuen, Bonok beste hitz hauek esan zituen aste berean, Tsunamiaren kaltetuek laguntzeko misioa zela eta: «Militarrak Espainiako herriaren borondateari erantzuteko daudela, eta herriak nahi dituen aferetan egongo direla beti». Hitz ederrak, baina bat-bateko itzulpena eginda horrela ulertu daitezkeenak, Espainiako herriak bere soldaduak Donostian nahi zituela abertzale militanteak bortizki jipoitzen. Eta, hein batean, ez litzateke gezurra, azken garai honetan politikoek egiten dituzten adierazpenak aintzat hartuta.
Baina, hara non, Espainiako lurralde batasunaren babeslerik sutsuena ez dela uste bezain maitatua bere aberrian bertan. Terrorismoaren biktimen elkarteek antolatutako manifestazioan, defentsa ministro agurgarria iraindu eta joanarazi zuten manifestari ugarik. Rosa Diezekin zihoan Jose Bonok, gertatutako ez zuela ulertzen adierazi zuen geroxeago. Ez al zion galdetuko bere buruari zein neurritan izango duten errua bera eta beste askok, abertzaletasun espainiar erradikal hori sustatzeko orduan? Galde diezaiola ba.