Estatus politikoaren alde, euskal presoak Euskal Herrira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 25a, 21:47

700 euskal herritar baino gehiago dira jadanik, Euskal Herriak estatu espainiar eta frantziarrarekin duen gatazka politikoaren ondorioz mundu zabaleko kartzela desberdinetan sakabanaturik daudenak.

Mendeetan zehar eta bereziki azken 25 urteotan, herri honi askatasuna ukatzeko egin zen frankismoaren erreformaren ondoren, milaka izan dira atxilotuak, torturatuak eta kartzelaratuak izan diren herritarrak. Mila bestalde, urtea joan eta urtea etorri, Euskal Herritik ihesean bizi behar izan dutenak.

Espainiar eta frantziar kartzela sistemaren baitan euskal preso politikoek jasan behar izan duten zigor gehigarriak izaera berezia eman baldin badie ere, urte hauetan guztietan preso politiko izaera ukatu egin zaie. Bi estatuek onartzen ez duten gatazka politiko baten lehen lerroan egon da Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, dispertsioari aurre eginez, preso gisa dagozkien eskubideen aldeko defentsa eginez eta batik bat Euskal Herriaren eskubideen defentsan eragile garrantzitsua bilakatuz. Kolektibo izaera gorde dute, borroka konpromezuaren tresna nagusi gisa.

Gaur da eguna, frantziar eta espainiar estatuek herri honi inposaturiko marko politiko juridikoen krisia eta baliogabezia agerian dagoena. Gaur da eguna gatazka politikoa inoiz baino ageriagoan dagoena eta gaur da eguna, herriak behingoz gatazka hau eta honen ondorioak konpontzeko beharra inoiz baino ozenago aldarrikatzen duena.

Gatazkaren konponbidea, euskal herritar guztien hitza eta borondatearen errespetutik etorriko da. Hau gero eta herritar eta eragile gehiagoren ahotik entzuten ari garen argudioa da. Bide honetan Euskal Herrian demokrazia eta bakera bidean pauso ausartak emateko garaia da, inoiz baino garrantzitsugoa da munduan zehar eman diren prozesu politikoetan presoen kolektiboek izan duten parte hartze eta paper zuzena erreferentzia gisa izatea. Hor dugu Irlandako kasua, Hego Afrikakoa eta beste hainbat. Ez da gatazkarik konponbidean jarri kolektibo hauen parte hartzerik gabe.

Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzean datza gatazkaren konponbidea. Bi estatuen aldetik errepresioa baino ez da izan oraingoz, konponbiderako aukera guztiak zapuztuz. Jarrera honen parean tinko aurrera egiteko garaia da. Aukerak egon badaude, baina aukera hauek gauzatu egin behar ditugu.

Euskal herritar guztiek hitza libreki hartze bidean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere zuzenean parte hartzeko aukera izan dezan eta era berean gatazka politikoaren ondorio izanik status politikoa onartua izan dakion, hiru hilabeteko borrokaldiari ekin diote presoek. Horren aurrean Getxo Bizia Herri Plataformak, Getxoko Udaleko Osoko Bilkuran honako puntu hauek aurkezten ditu bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen.

1. Gainontzeko euskal eragileen gisan Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Euskal Herriaren hitza eta erabakia gauzatzeko bidean zuzenean parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatzen du Getxoko Udalak.

2. Parte hartze hori behar den baldintzetan eman dadin, isolamendu eta sakabanaketarekin bukatu eta euskal presoek Euskal Herrian egoteko duten eskubidearen defentsa bere egiten du Udal honek.

3. Udal honek martxan den presoen borrokaldiarekin bat egiten du, aldarrikapen horiek gauzatu daitezen.

4. Borrokaldi hau babesteko antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei Getxoko Udalak.

5. Herritarrei erabaki honen berri emango zaie.


Getxon, 2005eko urtarrilaren 24an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun