1. Hizkuntz eskubideak ez dira oinarrizko giza eskubideak.
Europako Itun Konstituzionalean herritarrei hainbat eskubide aitortzen zaizkie eta horien artean badira oinarrizko giza eskubide zenbait. Hizkuntz eskubideak ez dira jasotzen.
2. Eskubide ekonomikoek hizkuntz eskubideek baino garrantzi handiagoa dute.
Itun Konstituzionalak jaso egiten ditu jabetza pribaturako eskubidea edota enpresa-eskubidea; ez ordea, hizkuntz eskubidea.
3. Hizkuntz komunitateen inguruko aipurik ez dago.
Estatuen Europa eraikitzeko tresna da Itun Konstituzionala. Europaren benetako aniztasunari ez zaio erreparatzen. Hizkuntz komunitatearen erreferentziarik ez dago.
4. Geure hizkuntzak zokoratu egiten ditu.
Europako berezko hizkuntz komunitate asko desagerrarazi egiten ditu Europako mapatik, bai eta eraiki nahi duten Europa berri horretatik ere.
5. Europako herritarren arteko bereizkeria eragingo du.
Geure hizkuntzetako hiztunoi debekatu egingo zaigu Batasuneko administrazioekin, Arartekoarekin edota bestelako erakundeekin zerbitzua geure hizkuntzan eskatzea eta jasotzea.
6. Europar hiritar gaitu, soilik, Ituneko hizkuntza batean jardunez gero. Ez bestela.
Europako hiritartasuna ezartzean, Europako hiritarrei ituneko hizkuntza batean jarduteko eskubidea aitortzen die eta hizkuntza horretan soilik jardun dezakete europar hiritarrek.
7. Europaz kanpoko hizkuntzen status eta tratu bera izango dugu.
Munduko beste hizkuntzen mailan jarriko dituzte gure hizkuntzak.
8. Geure hizkuntzak ez dira inon egongo presente.
Zuzendaritzako proiektuetan, herritarrei begirako dokumentazioan, web guneetan... Ministroen eta Estatu Buruen Kontseiluan, komisarioen prentsaurrekoetan... geure hizkuntzek ez dute lekurik izanen.
9. Ordezkari politikoek ezin izango dute berezko hizkuntza erabili.
Bruselako parlamentuak ez die aukerarik emango gure ordezkariei beren hizkuntza erabiltzeko eta berezko ez duten hizkuntza bati eutsi beharko diote une oro.
10. Ituna geure hizkuntzetara itzultzeko aukerara mugatuko dute sustapen guztia.
Hori izango da geure hizkuntzei eskainiko zaien bakarra, Itun Konstituzionalaren itzulpena eta beti ere itzulpen hori ematea hizkuntz komunitate hauek menderatzen dituzten estatuen esku egongo da.
11. Geure hizkuntzen normalizazioa galgatuko du.
Izan ere, Europa mailako araudiaren mende egongo gara eta horren arabera, esaterako, tokiko gobernuek ezin izango dute behartu etiketak geure hizkuntzetan idaztera.
12. Ez dituzte abian jarriko geure hizkuntzen garapenerako eta sustapenerako proiektuak.
Orain arte aniztasunean bildurik leloari loturik bideratu diren ekimen ia guztiak: Socrates, Leonardo... estatuetako hizkuntza ofizialen sustapenerako izan dira.
13. Estatuetako hizkuntzen arteko lehia sustatuko dute eta geure hizkuntzak joko horretatik at utziko dituzte.
Lan-hizkuntzen inguruko lehiari hasiera ematen diotenean, geure hizkuntzak are ikusezinagoak izango dira.
14. Hizkuntzen arteko hierarkia nabarmenagoa eragingo du.
Hierarkia horren arabera geure hizkuntzak azken mailan egongo dira.