Getxoko Udalaren Euskara Zerbitzuaren eskutik, helburu nagusia gure artean dauden musika-talde eta artistarik onenak biltzeko topagune bihurtzea da. Kantuketanek euskal musikaren aniztasuna ezagutzera emateaz gain, ikusle guztiengana hurbildu nahi du, Imanol Landa Presidentzia zinegotziak egitasmoaren aurkezpen ekitaldian zehar, gaur, aditzera eman duenez.
Egitaraua
Aurten musika ezezik, dantza, antzerki birtuala eta bideo-emanaldiak ere dakartza Kantuketanek. Aurrera pausu bat gehiago eman nahi izan dute musikaren filosofiari dagokionez. Hain zuzen ere, Mundu osotik Euskal Herri osorako egitasmo interesgarria ekarriko dute Getxo Antzokira. Euskal Kultur Erakundearen eskutik, Baionatik hurbil dagoen Luhuso herrian (otsailak 5) eta Algortan (otsailak 6) baino ez da eskainiko ikuskizuna.
Kontzertuaren oinarria nazioarte mailan entzute handia duten bost artista handien arteko lankidetzan datza, soinu ezberdinen arteko nahasketa aberasgarria lortzeko bildu dira. Kepa Junkerak, Sylvain Luc-ek eta Maddi Oihenartek trikitixa eta Iparraldeko kantuen erritmoa azaleratuko dituzte, hurrenez hurren. Lokua Kanzak eta Keivan Chemiranik, aldiz, afrikar nahiz irandar erritmoetara hurbilduko gaituzte. Kontzertua 19:00etan hasiko da eta sarrera hamar eurokoa da (aurretik zortzi euro).
Gazteentzako bi saio
Bigarren jardunaldian, otsailaren 11an, musika, dantza, arte plastikoak, antzerki birtuala eta ikusentzunezko sormena lotzen dituen Ohe handi bat izenburuko ikuskizuna izango da Logela Multimediaren eskutik. Getxo Antzokian izango da hau ere eta sarrera dohainik.
Hurrengo egunean, gazteenentzat kontzertu hirukoitza eskainiko du Kantuketanek, Sagarroi, Kerobia eta Kauta taldeen eskutik. Kontzertua 20:00etan hasiko da Algortako Portu Zaharrean, sarrera dohainik.