Arkaitz Goikoetxea, Kepa Saratxaga eta Endika Lejarzegiren kontrako epaiketa otsailaren 14an hasiko da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 27a, 20:38

Arkaitz Goikoetxea, Kepa Saratxaga eta Endika Lejarzegi algortarrak eta beste 8 gazte epaituko dituzte otsailaren 14, 15, 16 eta 17an Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2000ko urtarrilaren 1ean Galdakaoko Guardia Zibilaren koartelaren kontra koktelak botatzea leporatzen diete, eta 22na urteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat.

Epaiketa hau 2004ko azaroaren hasieran egitekoa zen, baina atzeratu egin zen abokatu bat gaixorik zegoelako. Algortako Kepa Saratxaga, Arkaitz Goikoetxea eta Endika Lejarzegi; Galdakaoko Jon Krespo, Gorka Lupiañez, Xabier Arriluzea, Ugaitz Perez, Iker Lima eta Andoni Beroiz; Durangoko Iurdan Martitegi eta Bilboko Asier Arriola gazteentzako 22na urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak. Beraz, 222 urteko espetxe zigorra, guztira.

Kale-borroka ekintza batean parte hartzea leporatzen die guztiei: 1999ko Gabonzahar-gaueko 1:45ean Galdakaoko Guardia Zibilaren kuartelaren kontra koktelak eta suziriak bota eta Benemeritako kideetako bati bigarren graduko erredurak eragitea, hain zuzen ere.

Frogarik ez

Akusazioa Ertzaintzak 2002ko urrian atxilotutako gazte bati torturapean sinarazi zion inkulpazioan oinarritzen da, besterik gabe. Gazte horrek, gainera, guztia ukatu zuen epailearen aurrean eta ertzainek torturen laguntzaz sinarazi ziotela deklaratu zuen. Poliziaren "deklarazio" horrez gain ez dago inolako akusazio elementurik, ez ADN frogarik, ezta aztarna txikienik ere. Inputatu guztiek ukatu dute kale-eraso horrekin inolako loturarik daukatenik, komisariako zein epaitegietako deklarazio guztietan. Baita Kepak, Endikak eta Arkaitzek ere.

Galdakaoko Guardia Zibilaren aurkako kale-eraso horretan, fiskalak dioenez, 50 koktel eta hainbat zuziri bota zituzten, eta agente bat zaurituta gelditu zen erasoaren ondorioz, bigarren graduko erredurekin.

Fiskalak 18 urte eskatzen dizkie sutea eragiteagatik eta 4 urte lesioengatik, beti ere lege terroristari jarraiki. Baita 100.000 euro inguru ere, kalteak ordaindu eta Guardia Zibilari indemnizazio moduan emateko.

Tortura salaketak

2002ko urrian eta azaroan Ertzaintzak Ezkerraldean, Uribe Kostan, Durangaldean, Galdakaon, Basaurin, Bilbon... egindako sarekadetan atxilotu zituzten orain akusatutako guztiak. Horietan atxilotutako guztiek tortura latzak salatu zituzten eta oihartzun nahikoa izan zuen salaketak hainbat komunikabideetan, Eusko Jaurlaritzatik ezkutatzeko sekulako ahaleginak egin zituen arren. Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak atxilotuen eskubideak bermatzeko "protokoloa" martxan jarriko zutela iragarri zuen, baina tratu txarren salaketek jarraitu egin dute geroztik ere.

Bere momentuan Torturaren Aurkako Taldeak eta Askatasunak esan zuten sarekada eta tortura horien bidez Ibarretxeren plana Espainiaren aurrean "legitimatu" nahi zuela Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, "terroristen" interesen alde jokatzeaz faxista espainiarrek egin zizkioten akusazioen aurrean, Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren aurkako paladin modura agertu nahi izan zuen, eta horretarako ez zuen beste biderik aurkitu mugimendu abertzalearen gazte batzuk atxilotu, torturatu eta horren "emaitzak" aurkeztea baino.

Eskandalu izugarria

Gogoratu behar da Ainara Gorostiaga, Mikel Soto, Jorge Txokarro eta Aurken Sola gazte iruindarrak torturatu eta inputazio faltsuen bidez espetxean 2 urte egin ondoren 2004 urte hasieran errugabeak zirela onartu eta kaleratu zituztenean politikari guztiek holakoak onartezinak zirela esan zutela.

Orain beste eskandalu izugarri baten aurrean gaude. Gazte hauek beren bizitzaren zati handi bat espetxean egin dezakete Eusko Jaurlaritzaren une bateko interes politikoarengatik. Ertzaintzaren muntaia polizial-juridiko hau ez da lehena eta ez da beharbada azkena izango. Baina gure esku dago kasu hau ere salatu eta zapalketari aurre egitea.

Torturarik ez!
Muntai polizialik ez!
Euskal preso politiko guztiak kalera!

Informazio gehiago:

http://oihua.webgune.net
e-posla:oihua@barrutik.org


Gaiaren inguruko berriak:

Otsailean epaituko dituzte Kepa Saratxaga, Arkaitz Goikoetxea eta Endika Lejarzegi (2005 Aza 18)

Algortako presoen gaineko berriak (2004 Urr 29)

Kepa Saratxaga, Endika Lejarzegi eta Arkaitz Goikoetxeari 22na urteko kartzel zigorra jarri nahi diete (2004 Urr 08)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun