EPPKk abian jarritako mobilizazioak presoek ere ez dituztela betetzen dio Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 28a, 22:24

"Hainbat komunikabidek zabaldutakoaren harira, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abian jarritako mobilizazioak eurek ere ez dituzte betetzen", Iñaki Zarraoak gaurko udalbatzan adierazi duenez. Hain zuzen ere, argudio hori erabili du Getxoko alkateak, udal erakundeak euskal presoen status politikoa aldarrika dezan, Getxo Bizia herri plataformak egindako proposamena atzera botatzeko. "Zergatik bat egin behar du beti Udalak horrelako kolektibo baten ekimenekin? Batez ere, kasu honetan, espetxean daudenak ere ez dutenean betetzen EPPKk proposatutakoa", zehaztu du Zarraoak.

Osoko bilkuraren gai ordenarekin amaitu eta galderen txanda hasi denean, hitza eman dio Zarraoak Christian Reinicke Getxo Bizia herri plataformako kideari. "Status politikoaren alde, euskal presoak Euskal Herrira" izenburuko mozioaren nondik norakoak argitzen hasi ahala, euren eserlekuak uzten hasi dira PSE-EE eta PPko zinegotziak. Reinickek testua irakurtzen zuen bitartean, popularren aldetik geratzen ziren hiru ordezkariak ere udalbatza aretoa utzi dute, EAJ, EA eta EB-Berdeak alderdien ordezkariak bakarrik gelditu direlarik. Amaitutakoan, berriro ere, mozioa gai ordenetik kanpo aurkeztu behar izan dutela salatu du Reinickek, "hurrengoan gauza bera ez gertatzea" gustatuko litzaiokeela gaineratuz.

Ondoren, alkateak hitza hartu eta, "banan-banan baino labur" mozioaren puntuei erantzuten hasi da Zarraoa. Lehenengoan, Irlandako gatazkarekin egindako konparazioari dagokionez, horri irtenbidea "sukalde-lan izugarriari" esker eman zitzaiola adierazi du udal mandatariak, "Euskal Herriko egoerarekin konparatzerik ez" dagoela adieraziz, "hemen aipatu sukalde-lana ematea oraindik hurrun gelditzen delako".

"Kontraesana"

"Ia behingoz argitzen zareten" bota dio Zarraoak Getxo Biziako kideari, "Status politikoaren alde, euskal presoak Euskal Herrira" izenburuko mozioa ezker abertzalean Anoetan aurkeztu zuen "Orain Herria Orain Bakea" proposamenarekin "bat ez datorrelako", alkatearen iritziz. "Gaurko mozioan ez bezala, bertan preso, kaltetu eta oro har desmilitarizazioaz adostu beharrekoa ETA eta estatuen gobernuei dagozkiela jasotzen zen", argudiatu du.

Euskal presoen Euskal Herriratzea beharrezkoa dela dioen puntuari dagokionez, udal gobernuak beti egon dela horren alde aipatu du Zarraoak.

Gaiaren inguruko berriak:

Presoen borrokarekin bat ez egiteko "Brunete mediatikoak" zabaldutako desinformazioa erabili du Zarraoak

Presoen status politikoaren alde, euskal presoak Euskal Herrira (2004 Aza 27)

Ezker abertzaleko plataformek euskal presoak Euskal Herriratzea eskatuko dute (2005 Urt 10)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun