Hurrengo udazkenean eta 2005 urteari begira KPIren araberako igoera orrokorraz gain, kiroldegiko eta estolderia tasak are gehiago garestiagotu zizkiguten. 262 herritarren alegazio eta Fadurako erabiltzaile askoren kexen aurrean, udal hiruko gobernuak entzungor egin zuen berriro ere. Bitxia egin zitzaigun aurreko urtean %30ean igotako zarama tasa aldaketarik gabe geratu izatea orduan. Baten batek pentsa zezakeen aurreko gehiegikeriaren nolabaiteko onarpena egon zitekeela hutsune hartan, baina 2004 bukatu aurretik trikimailua baino ez zela izan ikusi ahal izan dugu.
Abenduaren 30eko osoko bilkurak zarama tasaren %86ko igoera onetsi egin du behin behingoz. Onespena 2005eko urtarrilaren 11n argitaratu egin da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta otsailaren 15 arte dokumentazioa ikusi eta alegazioak aurkezteko epea ireki da.
Tasa igoerari ezetz esateko 7 arrazoi
1. Tasa honen garestitzeak gizarte sektore langileak eta diru sarrera arruntagoak ditugunak kaltetzen gaitu, guregan proportzionalki eragin handiagoa duelako.
2. Merkatari txikientzat beste zama bat suposatzen du.
3. Hondakinak sailkatu eta birziklatzen ditugunak saritu ordez zigortu egiten gaitu.
4. Birziklapena bultzatzeko lagungarri baino oztopo bilaka daiteke.
5. Udalak hiri hondakin solidoak udalerrian bertan tratatzeari uko egin izatea ez da herritarron ardura.
6. Udalak eta Foru Aldundiak hiri hondakin solidoak tratatzeko modurik garestien eta kutsakorrena den errausketa aukeratu izatea ez dugu zertan denok ordaindu behar.
7. Zarama bilketaren azpikontratazioa eta enpresa kontratatuaren milioi askotako irabaziak, izan ez daitezela herritarron lepotik!
Igoera berriari alegazioa
Eskematikoki azaldu dugun arrazoi sorta eta beste hainbat nahikoa eta sobera da herritarrok erantzun tinkoa eman dezagun. Getxo Bizia herri plataformak nork bere arrazoiak azalduz tasa igoeraren aurrean alegazioak aurkeztera animatu nahi zaituzte eta zuen lana erreztearren alegazio eredu bat prestatu du. Eredu hau Getxo Biziak Algortan Torrene kalean duen bulegoan eskura duzue. Alegazioak otsailaren 15a baino lehen aurkeztu eta erregistratu behar dira udaletxean bertan, udaltzaingoan edo auzoetako udal bulegoetako batean.
Ezker Batuak errausketa eta tasa igoerak babesten ditu
Hiri hondakinen errausketa, hauek tratatzeko prozedurarik kutsagarriena eta garestiena da. Talde ekologistak sutsuki aritu izan dira beti honen aurka eta hondakinen birziklatze orokorraren aldeko lan etengabea egin dute. Herritar mugimenduak Erandion egitekoa zen erraustegia geldiarazi zuen, baina hamar urte geroago Bizkaiko erraustegia Bilboko udalerrian Alonsotegitik gertu eraiki da.
Herritar mugimendu anitza eta Ezker Abertzalearekin batera, hasiera batean Ezker Batua Bizkaian erraustegiak egitearen aurka azaltzen zen, baina orain txeke zuria eta baiezko botoa ematen dizkio EAJri Getxoko hondakinak Bilboko Zabalgarbi erraustegian erre daitezen. Tasa igoerari ere baietza eman diote Iñaki Urkiza eta Aitor Lafuente Getxoko udal batzarreko Ezker Batuko ordezkariek. Aitor Lafuentek gainera, Getxo Biziari bere ordezkaritza postua kendu eta beste behin Getxo Biziak inolaz ere emango ez lukeen botoa eman du.
Zarama tasen aldaketari erreklamazioa (pdf)
Gaiaren inguruko berriak:
Getxo Biziaren eskaerak berriro ere zakarrontzian (2004 Aza 26)
Informazio gehiago:
http://www.getxobizia.org
e-posta: info@getxobizia.org