Getxok 18.000 euro emango ditu Asiako hegoekialdeko itsasikararen ondorioei aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 28a, 22:43

Getxoko Udalak 18.000 euroko dirulaguntza emango du joandako abenduan Asiako hegoekialdean gertaturiko hondamendiaren ondorioei aurre egiteko. Izan ere, gaur goizean burututako urtarrilari zegokion osoko bilkuran erabaki da neurri hori aho batez. Horretaz gain, udalbatza getxoztarrak bere atsekabea agertu du gune horretan gertaturiko giza-hondamendiaren aurrean eta kaltetutakoei bere elkartasuna adierazi die.

PSE-EEk aurkeztutako mozioan oinarritzen da onetsitako oinarrizko idatzia, eta bertan 24.000 euroko dirulaguntza proposatzen bazuen ere, udal gobernu taldeak zuzenketa bat aurkeztu du 18.000 euro emateko proposatuz. Agintariek gogora ekarri dute, iaz 100.000 euro eman zituela Getxok atzerriko larrialdietarako laguntzetan eta oraingoan hegoekialde asiarra ez zela salbuespena izango. Edozelan ere, Imanol Landa Presidentzia zinegotziak zehaztu du PSE-EEk eskatutako laguntza murrizteko eginiko proposamenaren arrazoia larrialdi egoeratarako egiten diren dirulaguntza eskaerak asko eta asko direla. “Eskariak asko dira eta baliabideak, ordea, mugatuak. Banaketa zuzena egin behar da. Beraz, komeni da diru-kopuru muga jartzea”, azpimarratu du.

Udalerriko kale berriek Getxoko ospe handiko emakumeen izenak hartuko dituzte

Halaber, Getxoko Udalaren osoko bilkurak, aho batez ere, PSE-EEk aurkeztutako mozioa onetsi du (udal gobernu taldeak egindako zuzenketarekin), berdintasunerako politikekin bat eginez, Getxo udalerrian historian ospe handia izan duten emakumeen izenak herrian egiten diren kale berriei jartzeko. “Ahal den neurrian, bere ibilbide pertsonal, profesional, sozial eta kulturalarekin udalerriaren garatzearen eta berdintasunaren alde egindako lanagatik, gizartearen eta jendaurrean esker ona agertu nahi zaie emakume hauei. Izan ere, gure oroimen kolektiboan aparteko oroitzapena merezi dute”, dio onartutako testuak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun