Europar Batasuneko Itunari ezezkoa EHNAz eman

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 28a, 22:51

Bai Euskal Herriari ekimena 2000. urteko ekainean abiatu zen. Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen defentsan ihardun asmo zuen ekimen anitz eta askotariko gisa aurkeztu zen Bai Euskal Herriari ekimena. Egun, Bai Euskal Herriari ekimen gisa dihardu lanean, herriz herri Euskal Herriaren nazio eskubideen aldarria zabalduaz eta euskal naziotasuna agertzen duen agiria, EHNA, bultzatuaz.

Europako Itun Konstituzionalaren aurrean

Otsailaren 20ean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian erreferendumean bozkatuko den Europako Itun Konstituzionala pausatuki aztertu ondoren, Bai Euskal Herriari ekimena osatzen dugun emakume eta gizonok euskal jendarteari ezezko bozka argiki eskatzeko erabakia hartu dugu.

Hainbat eta hainbat dira erabaki hori hartzera bultzatu gaituzten arrazoiak, bai herri edo nazio gisa konstituzio honek Euskal Herriarentzat ekarriko dituen ondorio lazgarriengatik, bai eta, euskal herritar gisa eskubidez dagokigun euskal naziotasuna, besteren artean, guztiz ukatua eta zapaldua izanen delako.

Hemen ezin ditugu bildu konstituzio honek gure etorkizunean eginen dituen triskantza guztiak, baina bai biltzen ditugu gure ustez garrantzitsuenak edo orokorrenak direnak:

- Europar Itun Konstituzional berriak, estatu gabeko nazioek duten Autodeterminazio eskubidea ukatzen du. Egungo estatuen "status quo" delakoa bermatzen du.

- Europar Itunak euskal naziotasuna ez onartzeaz gain, europear hiritartasuna ukatzen digu. Azken hau izateko, euskal herritarroi espainiar zein frantses naziotasuna izatea inposatzen zaigu. Hau onartuko ez bagenu, etorkinen pareko egoeran aurkituko ginateke, eta Konstituzioaren tratamentua etorkinekiko ere guztiz salagarria da.

- Europar Itunak, Euskal Herria nazio gisa baztertzen du. Gure herriaren izatea zapaldu eta euskal lur eremuaren zatikatze egoera bermatzen du, Espainiar zein Frantses estatu ukatzaileen mesedetan.

- Gure ama hizkuntza euskarak, euskal lurralderen batean ofizialtasun apurrik badu ere, Europar itunak euskarari dagokion status ofiziala erabat baztertzen du.

- Europar Konstituzio berri honek, estatu gabeko nazioak erabat baztertzen ditu. Beraz, estatuen Europa zentralista osatzeari begira burutzen den pauso estrategiko huts gisa kokatzen dugu.

Estatuen Europaren gaindik, herrien Europa behar dugu

Egungo Europa, estatuengandik eta estatuentzat sortua izan zen. Bai Euskal Herriari herri ekimeneko partaideok ezin ulertu dezakegu herrien arteko harremana, elkartasun eta berdintasunean oinarritu gabeko Europa.

Herrien Europak inongo bazterketarik ezin dezake onartu. Mugarik gabe eta herri nahiz nazio guztien nortasun eta izatea errespetatuz, berdintasunean oinarrituriko Europa justu bat behar dugu. Elkartasunez eraikia izanen den Europa hain zuzen ere.

Euskal Herria eta bera bezala estatu gabeko nazio diren herriek, beren etorkizuna bermatua ikusiko duten Europa da lortu nahi duguna.

Euskal herritarrok Europaren aurrean, zer?

Bai Euskal Herriari ekimenaren aburuz, otsailaren 20an erreferendumean bozkatuko den Europako Itun Konstituzionalari bi aldiz eman behar diogu ezezkoa:

- Herri gisa. Euskal Herria nazio libre eta burujabea izatearen bidean, oztopo besterik izango ez den konstituzioa delako. Autodeterminazioaren bidez, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea guztiz zapuzten duelako eta Euskal Herria bezala, Europan zehar eta munduan diren estatu gabeko nazioak zapaltzen dituelako. Hau honela izanik ezezko bozka emateko deia luzatzen dugu.

- Euskal herritar gisa. Gu euskal naziotasunaren jabe gara. Egun gure naziotasuna ukatu egiten zaigu eta hainbat naziotasun arrotz inposatzen zaizkigu. Hala ere, aspaldidanik badugu euskal herritarrok gure naziotasuna eta gure nortasuna munduaren aurrean agertzeko tresna. Euskal Herriko lehen instituzio nazionalak eskainiriko tresna da EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormena). Hau honela izanik, EHNArekin Bozkatzeko deia luzatzeko deia luzatzen dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun