Doktore berrien ahaleginak goraipatu ditu EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urt. 31a, 13:45

Joan den ostiralean, doktore berriak izendatzeko eta ikasketa aurreratuen diplomak banatzeko ekitaldia burutu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak, Euskalduna Jauregian. Ekitaldian 70 doktore baino gehiago izan ziren izendatuak, eta ehun titulaturi eman zitzaien ikasketa aurreratuen diploma. “Doktoreak prestatzea unibertsitatearen zeregin berezkoena da, bertan biltzen baitira irakaskuntza eta ikerketa. Ezin da ulertu ikerketa egiten ez duen unibertsitatea eta unibertsitateko ikerketa ezin da ulertu doktoreen prestakuntzarik gabe”, adierazi zuen Carmen González Murua Graduondoko Ikasketetako errektoreordeak.

Ostiralekoa bezalako ekitaldietan, “doktoreak prestatzearen eta titulu hau eskuratzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, baina ez bakarrik hala delako euren etorkizuna karrera akademikoan mamituko duten pertsonentzat, baita profesionalak prestatzeko izugarrizko lanabesa delako ere, gizarteko eta enpresako hainbat sektoretan txerta daitezkeenak”, adierazi zuen Juan Ignacio Pérez Iglesias errektoreak.

“Zoritxarrez, gure inguruko herrialde aurreratuenetan ez bezala, gurean doktoregoa eremu akademikora mugatzen da, unibertsitatearen arlora. Gizarteak eta mundu profesional eta enpresarialak ez diote aparteko estimurik. Nire iritziz, errakuntza handia da hori. Ekitaldi honen bidez prestakuntzaren etapa honen garrantzia ikustarazi nahi diogu gizarteari. Horregatik, horren erakusgarri, itzal handiko zenbait profesional dauzkagu gurekin gaur. Haientzat doktore izatea giltzarrizkoa izan da, ez bakarrik euren prestakuntzarako, baita euren arrakasta profesionalerako ere”, gaineratu zuen.

Lau euskal doktore

Zeremonian unibertsitatetik kanpo diharduten lau euskal doktore izan ziren: Luis Rodríguez Llopis, industria ingeniaritzan doktorea, eta Idom ingeniaritza enpresako zuzendari nagusia (Guggenheim Museoaren proiektuko zuzendari eta gestorea ere izan zen), eta irakasle bisitaria Harvardeko Unibertsitatean 1999an.

Alberto Alberdi, Ekonomia Zientzietan doktorea, eta 1982az geroztik ekonomialaria Eusko Jaurlaritzan, non azterlan, ogasun, plangintza eta ekonomia gaien arloan jardun duen. Hainbat lan idatzi ditu sektore publikoaz, finantzaketaz eta euskal ekonomiaz oro har, Kontzertu Ekonomikoa BEZera egokitu zuen batzordeko kidea izan zen, eta “Ekonomiaz” aldizkariaren sustatzaileetako bat, zuzendaria izateaz gainera 1991tik 1995era bitartean. Plangintzako zuzendaria izan da, Ekonomia Azterlanetako zuzendaria eta Ekonomia Gaietarako zuzendaria Lehendakaritzan. Gaur egun Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aholkularia da.

María Jesús Egido, Zuzenbidean doktorea, kontsumorako kreditu, kontsumo gizarte eta kredito kooperatibo gaietan egin dituen ikerketengatik ezaguna, abokatua izan zen Gipuzkoako Fiskaltzan sartu arte 2001eko azaroan.

José María Limia, Itsas Ekologian doktorea eta gaur egun goi mailako exekutiboa Houstonen kokatutako petrolio arloko enpresa batean.

Era berean, ekitaldian 2001-02 ikasturteko doktoregoko sari bereziak iragarri ziren, hogeita lau guztira. Sariok ematen zaizkie nazioartean goraipamenik handiena izan duten tesiei, bi urtean egindako bidea aztertu ondoren.

EHUko doktorego programak

2004-05 ikasturtean 81 doktorego programa ditu EHUk, jakintzaren arlo guztien artean banatuak. Horietatik 14 unibertsitate artekoak dira, hots, elkarlanean ematen dira beste unibertsitate batzuekin batera. 2005-06 ikasturterako, beste unibertsitate batzuekin elkarlanean, 23 programa eskaintzeko asmoa dauka EHUk. Era berean, zenbait teknologia gunek ere hartzen dute parte unibertsitateko doktorego programetan.

Bestalde, hamabi doktorego programek kalitate aipamena jaso dute, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren azterketaren ondorioz (ekitaldian aparteko gorespena egin zitzaien programa horiei). Ikasturte honetan, 2.142 ikasle daude doktorego ikastaroetan matrikulaturik; ikasle horien %20-40 inguru beste unibertsitate batzuetako titulatuak dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun