Orain arte, Rosa Arteta izan da azken presidentea, Jose Maria Casillas ordezkoa zuela. Eduardo Fidalgok, hasieran, eta Gotzon Toralek bete dituzte idazkari lanak eta Juan Carcabosok eraman du diruzaintza. Alfred Llorente eta Eduardo Perez batzordekideak izan dira.
Basozaleak 17 urte beteko ditu datorren maiatzean, baina, jaio zenean ez zeukan izen hori, Getxoko elkarte mikologikoa zen. 1990an antolatu zuen elkarteak bere lehenengo erakusketa mikologikoa eta hurrengo urtean Algortara abiatu zen, Getxoko Udalak Algortako Azokako bigarren solairuan utzitako lokal batera.
1995ean, elkarteak botanika ere ikertzea erabaki zuen, botanikari buruzko erakusketa txikiak eginez. Zientzia horri buruzko lehenengo jardunaldiak 1998 udaberrian antolatu zituen elkarteak. 1999 eta 2000 urteak mugimenduagatik gogoratuko dituzte erakundeko bazkideek, Algortako Azokako lanak zirela-eta bertan zeukaten lokala utzi egin behar izan baitzuten. Ondoren, Algortako Karitate kalean dagoen Aldai Kulturgunean hartu zuen egoitza taldeak. Urte horretan ere gaur daukan izena eman zion bere buruari: Basozaleak Getxoko elkarte mikologiko eta botanikoa.