Korrika 14k "Euskal Herria euskalduntzen, ni ere bai!" bideoa plazaratu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 1a, 09:49

Korrika 14k "Euskal Herria euskalduntzen, ni ere bai!" izenburuko bideoa aurkeztu zuen atzo Bilbon. Bideoa Korrika 14ren DVDan jasotzen da, kantaren bideoklipa eta irrati eta telebista iragarkiekin batera. Bideoari dagokionez, ordu erdi irauten duen elkarrizketa bilduma da. Euskalduntzea eta euskaltegira joateko erabakia hartu zuten eta duten aurpegi ezagun eta ezezagun askoren adierazpenez osatzen da. Unai Iturriagak egin du gidoia eta errealizazioa IKBrena da; produkzioa, berriz, AEKrena.

Aipatu bezala, Unai Iturriaga izan da Korrika 14ren bideoaren gidoilaria. Iturriagak berak aurkezpenean azaldu duenez, "14. Korrikaren mezu nagusia norbanakoaren euskararekiko konpromisoa indartzea eta eskatzea da".

"Oraindik euskaldun ez diren horiei egin nahi die dei berezia Korrika 14k", dio aurkezpen testuak. Hortaz, bideoan beren bizitzaren une batean edo bestean konpromiso hori hartu dutenen hitzak eta esperientziak dira protagonista.

47 laguni elkarrizketa

Horrela, 47 lagun elkarrizketatu dira eta urteotan konpromiso hori hartu dutenen kopurua askoz handiagoa bada ere, lagin moduan "zabal samarra" dela esan daiteke. Batetik, euskal lurralde guztiak daude ordezkatuta; bestetik, euskal lurraldeetan euskara ikasteko erabakia hartzen dutenak euskal jatorrikoak bakarrik ez direla jakinik, hainbat herrialdetatik etorritako ikasle edo ikasle ohiak ere ageri dira.

Elkarrizketatuok garai ezberdinetan erabaki zuten euskara ikasten hastea, hasi joan den mendearen erdi aldetik eta gaurko egunera arte. Modu horretan, garai batean zein bestean konpromiso hori hartzeko izan zituzten motibazioak, zailtasunak, bitxikeriak, sentimenduak edota asmoak biltzen dira bideoan.

Bideoaren ardatz nagusia elkarrizketok dira, baina Korrikaren abiapuntu eta helmuga izango diren Orreaga eta Bilbo ere aurkezten dira. Elkarrizketa atalen artean norbanakoaren konpromisorako gonbiteak egiten dira indibidualtasuna gorputzaren atal ezberdinekin azpimarratuz. Gainera, aurten lehenengoz euskara-gaztelera eta euskara-frantsesa, hiru hizkuntzak erabili dira Korrikaren mezua zabaltzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun