Izan be, Animatu enpreseak Mamutxen Eremua sortu dau Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz. Gazteei zuzendutako joko honen helburua Mamutxak topau eta argazkia ataratea da. "Zure lagunakaz etorri zara kanpaldian mamutxak topetako. Mamutxak izan badirala frogatzeko, argazki bat egin behar deutsezu zure sakelako telefonoagaz eta zure gurasoei bialdu". Holan hasten da Mamutxen Eremua, eskuko telefonoentzako euskerazko lehenengo jokoa, J2ME teknologian garatua. Jokoa Animatu enpreseak sortu dau, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzinoagaz, Euskerea teknologia barrietan sustatzeko Planaren bidez. Jokalariak Mamutxak topau eta argazkia atara behar deutse, topetan dauzan personaiek emongo deutsiezan aztarrenei esker.
Nigan ohikoa dan legez, sarkasmoa emoten dau, baina ez da. Asmo ezin hobea izan dau Jaurlaritzak, eta orain bai, uste dot jaubetu dirala benetako euskalduntze prozesuagaz. Euskerearen arazorik handiena gizartearen esparru guztietan presente ez egotea da, eta holan ezin da hizkuntza normalik erabili: estoldetako arratoiek euskeraz egin behar dabe 8 urteko ume euskaldunen imaginazioan, Pikatxuk legez. Eta kokoak be euskeraz jakin behar dau. Ziurrenik gipuzkeraz. Eta eskolako ateetan karameluak emoteko itxaroten dagozan gizon zantarrek be bai; horreek gitxienez hizkuntza eskakizunen bigarren maila euki behar dabe sugusak emon ahal izateko.
Asmoa, ona, baina ez osoa. Gatxerdi. Mamutxak ez dira hil behar, erretratuan atara baino; kanpaldian joan dan ume jator, wapo eta ausartak ez dau hegaz egiten; eta seguruenik, mamutxak lazudun izaki arrosa maitagarriak izango dira (azken hau marketing hutsa dala esan daiteke, horreri erantzun gura deutsonak jokoa amaitu beharko daualako). Aurkezpenean holan esan eben:
Gazteei zuzenduta dago, beraz, ez dago indarkeriarik. Zailtasuna jokalariaren abilezian eta personaia bakotxak emondako informazinoa ulertzean datza. Horregaitik oso egokia da euskerea ikasteko.
Horra euskerearen akats diran oinarri nagusienak paragrafo txiki batean batuta:
1.-
ez dago indarkeriarik.
2.-
oso egokia da euskerea ikasteko.
Besterik ez jakun falta! Olgetako joko bat egingo eta ha be euskerea ikasteko! Eta orduan zer egin behar dabe umeek euskera klaseetan, DOOM-era olgau!? Gaur egungo umeek Action Man-a erosten dabe patiora joateko, ez entziklopediarik. Zer lortuko dogu holan, ez bada guraso euskaldunek umeari bideojokoa imintea euren telefonotxuetan, umeek bardin-bardin paso egiteko?
Zeuek jakin, baina nik seme-alabarik badaukat egunen batean, haretx egurrez egindako ezpata bat oparituko deutsat, bizitzeagaz pozik olgau daian!
Bizkaie aldizkari elektronikoko 95. zenbakian argitaratutako artikulua.