Iturrimingoko aparkalekura aldatuko dute Astrabuduako kale azoka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 1a, 17:35

Astrabuduan ostiraletan egin ohi den kale azoka behin betiko lekuz aldatzea erabaki du Erandioko Udalak. Aurrerantzean, Iturrimingo kalean, Inazio Aldekoa ikastetxearen alboan dagoen parking berrian egingo da, herrigunean bertan. Parking publikora Mezo eta Iturrimingo kaleetatik sar daiteke egokitutako 130 tokiren bat betetzeko. Egunero erabili ahal izango da ostiraletako 6:00etatik 18:00etara izan ezik, ordu horietan kale azoka jartzeko erabiliko da eta.

Eremu horretan egin diren bi etxebizitza-sustapen egitasmoen barruan garatu da proiektua. Parking-eko 130 tokietatik lau elbarrituentzat gordeko dira. Plaza horiek oinezkoentzako sarbideetatik hurbil kokatuko dira.

Proiektu horren barruan ingurua ere urbanizatuko da eta pasealeku txiki bat, berdeguneak eta haurrentzako jolaslekua ere izango ditu eremuak, Erandioko Udalak jakinarazi duenez. Bestalde, etorkizunean parkingeko Iturrimingo sarrera Astrabuduako saihesbidearen bigarren fasearekin lotuko da, auzoko trafikoa arintzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun