ALBEk 25 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 1a, 21:32

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) 25 urte bete ditu. ALBEkoak "pozarren" daude urtebetetzearekin eta "mugarri gogoangarri horren berri zabaltzeko, gure aurtengo ekitaldi guztietan Aitor Zumalabe gure diseinatzaile eta artista handiak beren beregi diseinatutako logoa (irudian) ipiniko dugu agerian". Aldiz, abendura arte itxaron behar izango da ospakizun handien lekuko izateko. Hile horretan "urtebetetze-jai arranditsu bat egiteko asmoa daukagu" ALBEko kideek jakinarazi dutenez, "bertso-eskola batek 25 urte betetzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula".

Algortako bertso-eskola ALBEk kontatzen duenez, talde natural bezala, 1980an sortu zen Andoni Iriondo Barrenetxea mendarotarraren eta Trino Azkoitia Azpitarte azkoitiarraren ekimenez. Lehenago baina, izan da Algortan eta Uribe Kostako inguruko herrietan bertoko bertsolari eta bertsozalerik, Josu Landeta, Fredi Paia eta Joseba Santxo eskualdeko bertso-historiaurrearen ikerketen arabera.

Eskolaren sorrera 1980an gertatu zen, Iriondo zenak zioen moduan, txiripaz. Urte hartan, Trino Azkoitia Azpitarte Azkoitiako seme getxoztartuak (lan kontuengatik) eta Andoni Iriondo Barrenetxea Mendaroko seme getxoztartuak (getxoztar batekin bertora ezkondua) elkar ezagutu zuten, halabeharrez, Bilboko Erakustazokan euskararen alde egin zen jaialdi batean.

Amurizaren eragina

Bertsolaritzan, berrikuntza airea zetorren, batez ere Bizkaia aldean, Xabier Amuriza etxanotarraren eskutik. Amuriza, kartzelan hausnartu ondoren, bertsogintza iraultzen hasi zen: bertsolaria, sortzez ez ezik, eskolatuz ere egin zitekeelako ideia berritzailea; euskara batuaren erabilera bertsotan; bertsoaren alderdi formalaren garrantzia, metrika, errima… ; 1980ko eta 1982ko Euskal Herriko txapel biak irabazteak sendotasuna eman zion berbaz eta teoriaz zekarren planteamenduari. Bilbo aldean hasi zen gure Xabier, sasoi hartan bertan, ikastaroak ematen, bere teoriak zelanbait gorpuztu guran. Handixek sortu ziren, bada, gerora bertso-eskola berriak deituko zirenak, kasutarako, Santutxukoa edo Algortakoa.

Lehenengo biltokia Algortako Zabala herri-ikastetxeko gela bat izan zen. Orduko eskolako partaideak berezko bertsozaleak izan ziren eta jardunak formalismo handirik gabekoak: alkartu eta kantatu, sarri-askotan gazta eta sagardoa tartean zirela. Batu astearteetan batzen ziren orduko eskolakideak.

1981: eskola formala

Bigarren urtean eskolako lagunek Zabala ikastetxea utzi eta San Nikolas ikastolako geletara aldatu ziren. Aldaketa hartan, orduan San Nikolaseko administratzailea zen Xabier Agirregomezkorta zenak izan zuen eraginik. Bera ere bertsozale handia izanik, asko erraztu zuen lekualdatzea. Ikastolan hasteak mesede egin zion bertso-eskolari, euskaldunen artean laster zabaldu baitzen bertso-eskola bat martxan zelako berria. Orduko eskolak formalagoak izan ziren, arbela erabiltzen zen, bertsoak idatzi egiten ziren, magnetofoia ere erabiltzen zen…

1982-1985: urrezko aroa

Eskola ez ezik, euskal giroa ere goraldian zegoen. Ikasle kopurua ikaragarri handitu zen. Gazte mordoa batu zen orduko eskolara, gehienak neskak. Laster bi talde bereizi behar izan ziren, hasiberriei oinarrizko eskolak eman ahal izateko. Irakasle gehiago ere behar izan ziren, Mungiako Karlos Ibarzabal esate baterako (geroago, Mungiako bertso-eskola sortuko zuen Karlosek). Hirurogei bat ikasle izateraino ere heldu zen Algortako bertso-eskola. Eskolatik kanpo ere, koadrila ziren eskolako lagun asko.

1986-1988: belaunaldi aldaketa

Aurreko aldian eskolan ibilitako jende askok apurka-apurka utzi egin zion eskolara joateari berritasunik eza, maila batetik gora egin ezina, astero-astero eskolara joan beharragatik… Kontua da taldea ikaragarri murriztu zela, baina, zorionez, euskaltegietatik-eta jende berria sartu zen. Azkoitia bilakatze arriskutsu haren lekuko zuzen eta bizia izan zen eta, zorihobez, talde zahar-berrituaren maisu eta erreferentzia izaten jarraitu zuen. Ordurako, bazen eskolan bat-batean kantatzen polito moldatzen zen taldea.

1989-1991: bertso eskolatik ikastetxeetara

Aldi honetan, etorkizunean giltzarri suertatuko zen jauzia eman zuten eskolako orduko kideek: bertsolaritza-eskolak ematen hasi ziren eskualdeko zenbait ikastolatan, ikastorduz kanpoko jarduera moduan. Joseba Santxok ekin zion bide horri, 1989an Algortako San Nikolas ikastolan, 1990ean Sopelako Ander Deuna ikastolan eta 1991an Leioako Gobela ikastolan (egun Betiko ikastola dena). Geroago, Iñaki Benito del Valle ere hasi zen Getxoko Geroa ikastolan. Emaitza ezin hobea izan zen. Lehenengo urtean, hamar bat laguneko taldea osatu zen San Nikolasen. Belaunaldi hartatik etorri ziren Josu Arroyo, Peio Unzurrunzaga, Jagoba Pereda eta gerotxoago Xabi eta Fredi Paya anaiak, besteak beste.

Sopelako ikastolan berrogeitik gora ume apuntatu ziren bertsolaritza-taldean. Leioan eta Geroan ere koadrila politak batu ziren. Orduko sasoian, indar handiagoa izan zen ikastetxeetan eskolan bertan baino. Eskolan lagun batzuek baino ez zioten eutsi astearteroko betiko martxari. Aurrerago, Josu Landetak hartu zuen Joseba Santxoren lekukoa eskolaz kanpoko jardunean, eta gainera ikastola gehiagotara ere zabaldu zuen jardun-eremua: Leioako Altzagara eta Erandioko Kukularrara. Bertsolaritza-talde sare horretan, bertsolariak sortu ez ezik, makina bat lagun jantzi da bertso kulturaz, eta baita beste zenbait bertsozale sutsu bilakatu ere. Aldi hartan, bestelako ikastetxeak ere ukitu zituzten bidenabar, esaterako, Berangoko ikastetxe amerikarreko umeei bisita egin zieten bertso-eskolakoek, bertsopaper, eskusoinu eta guzti.

1992: antolaketa eta kanta urtea

Urte hartan, aurreko urteetan ikastetxeetan egindako lanari jarraipena eman ez ezik, beste arlo bitan ere egin zuten aparteko ahalegina bertso-eskolakoek: antolakuntza eta bat-bateko taldearen jarduna. Euskal Herrian sonatuak izan zen eskolak eratutako Balendin Enbeita bertsopaper-lehiaketa, bai bere ezaugarriengatik bai eta bere sari ederrengatik ere. Gainera, sariak hartarako beren beregi antolatutako bazkarian banatzen ziren, Neguriko Errota Zaharra jatetxean. Gero aurkeztutako bertsorik onenak argitalpen dotorean zabaltzen ziren. Gaur egun, lehiaketa bertan behera utzia dute, baina berriz antolatzeko asmoz.

1995: legea nagusi

Bertso eskola elkarte bihurtzeko burutazioa eskolaren sortzaileei ere otu zitzaien aspaldi, baina honegatik edo hagatik, ez zuten zertu. 1995ean eskolan ibili ziren lagunek elkarte bihurtzea erabaki zuten, batez ere tramite burokratikoetarako-eta. Orduantxe sortu zen, historian lehenengoz, eskolaren izen ofiziala: Algortako Bertsolari Eskola «ALBE» elkartea.

1996: aurpegi berria

Gero eta gehiago hedatuz zihoan eskolaren jardunak erreferentziazko irudia behar zuela bururatu zitzaien ALBEkoei. Gasteizko Zuriñe Asteasu Ugalde diseinatzaileak egin zien, aurrerantzean eskolaren logotipoa izango zena.

1997: eman eta zabaldu

Legeztatzea eta logoa sortzea jauzi kualitatiboak izan ziren eskolaren joanean. Batetik, legeztatzeak kreditoa eman zien erakundeen aurrean, bai eta zenbait tramite burokratiko erraztu ere. Logoaren ekarpena, berriz, irudi mailakoa izan zen.

1998: ikastaroak

Ibilian-ibilian, hutsune bat sumatu zuten ALBEkoek beren jardunbidean: nagusien mailan, ez zen ikusten aurpegi berririk; inertzia hutsak aurrera eramanak bezala. Bestetik, gero eta ozenagoa zen herriko jendearentzat «0 maila»tik hasteko moduko ikastaroren bat antolatu behar zelako aldarria. Azkenean, Josu Landetak eta Joseba Santxok eman zuten ikastaroa. Hogeita hamar ikaslek eman zuten izena eta ikastaldiak egundoko arrakasta izan zuen. Eskola guztiek atal teorikoa eta praktikoa izan zituzten. Oraindik ere badabil eskolaren inguruan orduko ikastaroan hasitako ikaslerik.

1999: ikastaroaren ostekoak

Ikastaroaren emaitza sano ona izan zen, eta bere ondorioa are hobea; izan ere, ikastaroan ibilitako ikasle batzuek eskolan jarraitu zuten ikastaroa amaitu eta gero ere.

Gainera, eskolen atal praktikoan eskolako kideak inplikatu zituzten, eta horrek barne dinamizazioa ere ekarri zuen: lehengo bat-bateko entrenamenduak jendaurreko bertso-saio didaktiko bihurtu ziren, eta horrek onena ematen behartu zituen. Ikastaroaren iraupena hiru hilabetekoa izan zen, urtarriletik martxora arte, eta asteko jarduna ikastordu bikoa, astearteetan. Ordu larregi izan ez arren, ikasleek bertsogintzaren ideia orokorra hartzeko, eta batez ere, bat-bateko jardunaren teknika ezagutzeko, balio izan zuen.

2000: hogeigarren urteurrena

Urtebetetze hori handikiro ospatzea erabaki zuten ALBEko kideek. Ospakizunaren leloa hauxe izan zen: "20 urtean zuen artean". 20 zenbakia ere baliatu nahi izan zuten eskolaren inguruari indarra emateko, eta erronka modura planteatu zuten: "20 urte, 20 ekitaldi". Egia esan, aurreko urtean, 1999an alegia, 27 ekitaldi antolatu zituzten eta, halandaze, trankil ibiltzeko moduan ziren; baina jende gehienak ez zekien hori, eta egundoko marka iritzi zioten urtean zehar 20 bertso ekitaldi antolatzeari. Horrez gain, gala bat antolatu zuten urte amaieran Getxo Antzokian, ospakizun-urteari amaiera arranditsua ematearren. Gala hartan, Zuriñe Asteasuk diseinatutako logoan oinarriturik, Aitor Zumalabe diseinatzaile bilbotarrak taxututako Ahobi Saria aurkeztu zuten, eta bide batez, Euskal Herriko 40 bat bertso-eskola saritu zituzten, Ahobi jaioberria sari bihurtuz. Azkenean, 26 ekitaldi burutu zituzten urtean zehar.

Beste maila batean, egoitza ere aldatu zuen ALBEk eta orain dagoen lekura etorri zen: Karitate kalea, 1-16. bulegoa. Algorta / 48993 GETXO. Eskolak asteartero ematen jarraitzen dute, orain dela 24 urte legez.

2001-2003: txiri-txiri, denean aurrera

Algortako Bertsolari Eskola bertso-eskola normalizatua da eta, okerrik ezean, bihar-etzi ere hor izango da, bertsolariak sortzen, bertsozaleak trebatzen, euskaldunak bertsozaletzen eta bertsoaren kultura esportatzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun