Trafiko aldaketak Astrabuduan lanak direla eta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 2a, 20:01

Erandioko Udalak espaloiak zabaldu eta hobetzeko asmoz martxan dituen lanak direla eta, ibilgailuentzat itxita dago, atzodanik, Astrabuduako Etxegorri kalea (Consulado de Bilbao eta Aldaieta artean). Horrenbestez, Karl Marx, Atxazpe eta Alkone kaleetan zirkulazioaren norabidea berrantolatzen ari dira, ibilgailuen joan-etorriak errazteko. Era berean, Avanzadatik etorri eta itsasadarreko errepiderantz doazen hirugarren mailako ibilgailuei Atxutegi kaletik joateko gomendatzen diete.

Lanak eta zirkulazioaren norabide aldaketak sortuko dituzten eragozpenak aintzat hartuta, Astrabuduako herritarren laguntasuna eskatu dute udal arduradunek, "azken lanetan bezala, ingurua urbanizatu eta hobetzeko lan hauek ahalik eta azkarren egin ahal izateko".

Lau hilabetez

Merkataritza Suspertzeko Plan Berezian aurreikusitako lanen barruan, Etxegorri kaleko espaloiak zabaltzen eta hobetzen ari dira Bilboko Kontsuletxea eta Aldaieta kaleen arteko zatian. Horrekin batera, inguru horretako saneamendu eta euri-uren biltzaileak banatzen eta ordezkatzen ari dira. Hobekuntza lan horien bitartez, Astrabuduako herritarrei metro geltokirako oinezkoentzako bide azkar, eroso eta atseginagoa egin nahi zaie, udal arduradunek adierazi dutenez. Aurreikuspenen arabera, lau hilabete inguru iraungo dute lanek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun