Ibilbide Ekologikoen egitasmoak 20 urte bete ditu eskola-ume getxoztarrak ingurumenaren babeserako hezitzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 3a, 21:44

Ingurumen Hezkuntzako Ibilbide Ekologikoak egitasmoa 1982an abiatu zen Getxo udalerrian, 10 eta 14 urte arteko ikasleei bideratuta, ingurumenaren aldeko jarreran hezitu eta kontzientziatzeko asmoz. Lau hezkuntza maila hartzen ditu, Lehen Hezkuntzako azken bi ikasturteak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen biak.

Iñaki Zarraoa alkateak azpimarratu duenez, hogei urteko ibilbidean zehar arrakastatsua suertatu da egitasmoa. "Ingurua ezagutuz, eskola-umeak bertan integratu eta era egokian erabil tzen irakastea da helburua, azkenik, kontzientzia hartu eta etorkizunean guztiok izan behar ditugun jasangarritasun politiketako militanteak izan daitezen”, nabarmendu du.

Programa honetara, guztira, udalerriko 17 ikastetxe bildu dira –Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoak eta EPA edo Helduen Heziketarako Ikastetxea ere-, 2.100 bat ikasle. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzordeak 22.427 euroko dirulaguntza eman berri dio Herri Ikastetxetako Ikasleen Gurasoen Elkartetako Federazioari ibilbide ekologikoen egitasmoaren barruko 2005 urteko ekintzak burutzeko, Lehen Hezkuntzako ikasleriari dagokionean. Ekintzok ikasgelan bertan egindako lanak zein udalerriko eta inguruetako ingurunetarako bisitaldiak izango dira.

Hasiera batean Getxoko Udalaren Hezkuntza arloa baldin bazen “Ibilbide ekologikoak” egitasmoa diruz laguntzen zuena, hezkuntza erreformaren ondorioz, Hezkuntza bera eta Ingurumena dira finantziazio hori orain erdibana egiten duten udal arloak.

Jarduerak

Lehen Hezkuntzan, 5. mailako ikasleek garatuko duten jarduera, munea eta zuhaizkaren ekosistema xumeak aztertu, ezagutu eta bisitatzean datza, 6. mailakoak baserriak bisitatuko dituzten bitartean.

Bigarren Hezkuntzan bestalde, hirigunea, itsasertzea eta meatzaldea dira aztertzen direnak. DBHko lehen ikasturteetako programa garatzeko aurtengo udal dirulaguntza datozen hilabeteetan iritsiko da, Zarraoaren arabera. Ibilbide ekologikoen egitarauak, alkate getxoztarrak aurreratu bezala, “Eskola Agenda 21ko ekintzekin –energia berriztagarriak, energi eraginkortasuna, energi aurrezpena....– eta Getxoko Aquariumera egin daitezkeen bisitaldiekin bere egitaraua indartzea” du helburu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun