Eskoletako inauterien ospakizunarekin, tradizioak eta herriko kultura adin txikietan ezartzeko eta auzo bakoitzean sortutako ekimenak errespetatzeko ahaleginei erantsi behar zaie 2005ean duela bi urte Algortako merkataritza guneko ordezkariekin lortutako hitzarmena, inauterietako egitarau bateratua egiteko Iñaki Zarraoa alkateak azaldu duenez. Horretaz gain, euskal kulturarekin lotutako itxura duen inauteria lortu, jaia jatorrizko egunetan ospatu, eta batzuek dibertitzeko eta besteek atsedenean egoteko duten eskubidea bateratu nahi dute.
Ekitaldien egitaraua
Getxoko Udalak eta Algortako ostalaritza establezimenduek antolatutako ekimenen artean azpimarratzekoa da bihar, 21:30ean, Telletxe plazan Marmara Music-ek eskainiko duen kontzertua. Ku-Klux fanfarriak ere kaleak alaituko ditu.
Larunbatean, berriz, 12:30etik 14:30 arte, Simon Otxandategi taldeak Zuberoako inauteriak ekarriko ditu Algortako kaleetara, erraldoiekin eta buruhandiekin batera. Arratsaldez, 18:00etatik 20:00ak arte, koadrilentzat eta familientzat makillaje egingo dute dohainik, eta 20:00etatik 22:00ak arte, Telletxe plazan Hakker hirukotearekin batera, mozorroen lehenengo erakustaldia egingo da. 20:00etatik 23:00ak arte Amama Luisa taldeak ipiniko du musika kaleetan eta 23:00etatik 1:00ak arte, mozorroen bigarren erakustaldia izango da.
Era berean, bihar eta etzi mozorroen lehiaketa egingo da. Koadrilen kasuan, hiru sari banatuko dira, 750, 360 eta 150 euro; eta bikoteen atalean, beste hiru sari: bi lagunentzako elurrara joateko bidaia, 90 euro eta afaria.
Igandean, 12:30etik 14:30era, Simon Otxandategi eta Agurra taldeek Zanpantzarrak ekarriko dituzte gurera kalejiran, inauteriekin lotuta dauden Ekuador eta Boliviako dantzaldiekin batera; 18:00etatik 20:00etara magia saio ibiltaria egongo da; 18:00etatik 20:00etara fanfarria eta 19:00etan, Telletxe plazan, Deabru Beltzak konpainiak Les Tambours de Feu kale-antzerkia eskainiko du.
Izteko orduak
Getxo udalerriko ostalaritza lokalen izteko ordua goizaldeko 4:30ak arte luzatu egingo da inauteriak direla eta, otsailaren 4an eta 5ean. Kasu bietan, musika kendu, makinak itzali, eta lokalera sartzeko ateak itxi ondoren, "ahaleginak" egin beharko dira bezero berririk sar ez dadin, eta ordu erdiko tartea izango da barruan daudenak kanporatzeko, udal arduradunek adierazi dutenez.