Sopelako udal webguneak europar konstituzioari buruz erdarazko informazioa eskura jarri du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 4a, 13:08

Sopelako Udalak otsailaren 20an bozkatuko den Europako Batasunaren Konstituzio-Itunari buruzko informazioa erdaraz eskuratzeko aukera eman die internetetik nabigatzen duten sopeloztar guztiei. Udal webguneak (www.sopelana.net) www.europa2005.net erdara hutsezko webgunera bideratutako esteka bat zabaldu du berriki. Europa2005.net "Europa Constitucion 2005" ekimenaren barruan kokatzen da.

Ekimen horren sustatzaileak Europa Press berri-agentzia, Europar Parlamentua, Europako Batzordea eta Espainiako Atzerritarako eta Kooperaziorako Ministerioak dira. Bizkaian, hiru udal atxikitu dira ekimenarekin: Barakaldo, Portugalete eta Sopela bera.

Euskal herritarrak erdaraz

Gaztelerazko webgune horretan, Konstituzio-Itunaren artikuluak kontsulta daitezke gaztelaniaz edo katalanez, baina ez euskaraz. Bestalde, Madrilgo Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoen argudioak irakur daitezke, Konstituzio-Itunaren aldekoak zein kontrakoak. Gehienak gazteleraz badaude ere, ERC, CiU eta ICVren argudioak katalanez agertzen dira. Era berean, Anxo Quintana BNGko koordinatzailearen adierazpenak galegoz jasotzen dira. Aldiz, Euskal Herriko alderdi abertzaleen adierazpenak (EAJ, EA eta Nafarroa Bai) gaztelera hutsean agertzen dira.

Webguneko erabiltzaileak hainbat europarlamentarioei galderak egiteko aukera dauka. Bi dira Euskal Herriko europarlamentarioak: Jaime Mayor Oreja (PP) eta Josu Ortuondo (EAJ). Lehenengoak ez du oraindik erantzun egin dizkioten bost galdera eta bigarrenari inork ez dio ezer galdetu.

Bestalde, norberaren iritzia eman daiteke, baita test baten bidez Konstituzio-Itunarekin bakoitzak duen afinitatea neurtu ere. Bozkaketa sinbolikoa ere egin daiteke on-line. Baina, aukera guzti horietaz baliatzeko erabiltzaileak bere burua identifikatu beharko du izen-abizenak, DNI, e-posta eta bere herria zeintzuk diren idatziz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun