Tren sozialaren alde - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Igaro berri den urteko lehen hilabetean gizarte arloko bi gertakari interesgarri ekarri gura nuke orrialde honetara.

Igande eta jaiegunetan aisialdiaz disfrutatzeko ohiturari eusteko gogoa duen gizartean, interes ekonomiko jakin batzuk merkatalgune handien ateak gero eta maizago ireki nahi dituzte. Duela zenbait urte lagun batek esaten zidan berak ez zuela asteburutan erosketarik egiten, ondo moldatzen zela ohiko eta ez ohiko erosketak astelehenetik ostiralerako bost eguneko tartean egiten eta berak bezala dendetako langileek ere eskubidea zutela asteburuaz disfrutatzen. Ezagutzen dudan bezala nire lagun honek eutsiko dio oraindik bere ohitura osasuntsu eta solidarioari, baina tamalez urte hauetan joera kontrakoa izan da. Komertzioaren ordutegiak murriztu ordez zabaldu egin dira eta zapatu arratsaldetan ere asko dira bezeroen zai dauden dendari eta langileak.

Egia da beherapenetako ateak edonoiz irekita ere jendea bertan izango dela erosteko prest, baina asko dira nagusitzen ari den ordutegi gero eta zabalagoen joera geldiaraztearen aldeko arrazoiak, eta lehenengoa hain zuzen ere osasun publikoa. Noraino iritsiko da bestela kontsumo konpultsiboaren gaitza? Eredu hezitzailea litzateke besterik ezagutuko ez luketenentzat?

Gizartearen erantzun tinkoa

Eta hauez gain badira beste arrazoi sinple, zuzen eta pragmatikoagoak urtarrilaren 16an Bilboko kaleak jendez bete zituztenak. Sektoreko langileen lan baldintza minimoen defentsa eta merkatari eta dendari txikien bizi irautea nahikoa arrazoi indartsuak dira lege eta dekretu bidez inposatu nahi diren 8 edo x lan egun berriak egutegian kolore gorriz margotuta uzteko. Merkatalgune handien interes hurrupatzaile eta euren menpe ari diren erdipurdiko politikarien dekretuen aurrean, gizartearen erantzun tinkoa behar beharrezkoa da, etengabe elikatu behar dugun tren soziala.

Aipatu nahi dudan bigarren gartakaria, tren sozialaren edo jendarte solidarioaren beste manifestazio bat izan da, hain zuzen ere. Pertsonak eta ondasunak garraiatu, hiriburuak ezezik herriak eta eskualdeak elkarren artean lotu, mugarik gabeko mugikortasuna baino irisgarritasuna bultzatu, inguru fisiko, natura eta orekaren neurriak zaindu nahi baditugu eta gutxiengo baten mesederako liratekeen inbertsioek guztion onerako behar dutenak hipotekatzerik ez badugu nahi, Abiadura Handiko Trenari ezetz esatearekin batera garraioari buruzko eztabaida eta Tren Soziala bultzatzeko Sarea martxan da.

Maidagan eta Urdulizko trenbideak

Kasualidadez mobilizazio hauek, maila lokalean oihartzun garrantzitsua izan duten Getxoko Maidagan eta Urdulizko trenbideak direla eta Bizkaiko diputazio arduradunak eta jarraian beste batzuk esandakoen ondoren etorri dira. Trenbidea lurperatzeko Getxon gehien mobilizatu direnek berehala ohartarazi dute, hau izan daitekeela jasan behar izango luketen hirugarren iruzurra, Bilbaok baikortasun handiz lurperatze lanak egiteko instituzio eta garraio partzuergoaren arteko adostasuna aipatu eta berehala, Amannek gezurtatu egin baitzuen albistea. Konpromiso zehatz eta fidagarririk ezean, badirudi hauteskundeak hurbiltzean denbora irabazi nahi dutela batzuk.

Metroa hiriguneetan lurperatzea, aisialdirako espazioak eta irisgarritasuna bultzatzea da. Azpiegitura eta inbertsio handien testuinguruan inbertsio txiki baina behar beharrezkoak nola alboratzen diren ondo dakite Getxoko herritarrek. Amannek buruan duen abiadura handiko jostailu garestiak non utziko lituzke eguneroko joan etorri kolektibotarako inbertsioak?
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun