Bederatzi dira 18/98 eta ondoko sumarioetan epaituko dituztenak Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 4a, 21:54

Algortako Maite Amezaga (18/98), Paul Asensio (Ekin) eta Jose Luis Franco (Batasuna / Herriko Tabernak); Astrabuduako Aiboa Casares (18/01-Jarrai-Haika-Segi); Berangoko Jagoba Terrones (Amnistiaren Aldeko Batzordeak); Erandioko Xabier Oleaga (Euskaldunon Egunkaria); Leioako EHUko campuseko Kazetaritza Fakultateko irakasle kaleratua den Jexuxmari Zalakain (Egin); Getxoko Mitxel Sarasketa (Amnistiaren Aldeko Mugimendua) eta Urdulizko Izaskun Barbarias (Batasuna / Herriko Tabernak) dira, 18/98 eta ondoko sumarioak direla eta, epaituko dituztenak Uribe Kosta eskualdean. Argazkian, Garzon eta Del Olmo aipatu auzien buru diren epaileak.

Gaur egun, Casares eta Terrones dira espetxeratuak dauden bakarrak; bata Brievan (Avila) eta bestea Jaenen. Hain zuzen ere, Astrabuduako neskarentzako baino ez dute egin, oraindik, zigor eskaera. Berarentzat 14 urte eskatzen ditu fiskalak. Gainontzekoei dagokienez, Amezaga, Asensio eta Barbarias kalean daude 30.000 euroko bermea ordaindu ostean. Beste laurak, azkenik, kalean daude berme barik.

18/98+ plataformaren batzarra

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak oihu@ (2005 Ots 04) agerkari elektronikoaren bidez jakinarazi duenez, otsailaren 19an 18/98+ plataformaren batzar nazional zabala egingo da Donostiako Kurtsaalean, 11:00etan. Batzarra antolatzeko auzipetu bakoitzak gutxienez 10 lagun eramateko helburua jarri da, 10 horiek gero beren herrietan 18/98+ plataformaren gorabeherak astintzeko zeregina izango dute.

Oraingoz, baina, Kurtsaalera joan eta babes soziala zabaltzeaz gain, bakoitzak 10 euroko 10 bono saldu beharko ditu 18/98+ plataformaren kanpaina finantzatu eta lehen gastuei aurre egin ahal izateko. Bestela, "makrosumario" honek eragindako kostea izugarria da, eta plataformak kontuak egin eta laster zabalduko dituela agindu du.

Jarrai-Haika-Segi auziaren epaiketa amaitu baino lehenago manifestazio nazionala ere egin nahi du plataformak.

Auziperatuen aldeko konpromisoa

Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek adierazi dutenez, "makrosumario honek guztion konpromisoa eskatzen du, Euskal Herriaren izaeraren kontrako eraso zuzena baita". Hori dela eta, "auziperatuak babestu, bonoak zabaldu eta erosi eta mobilizazioetan parte hartzeko" deia luzatu dute.

18/98 eta ondoko sumarioak Uribe Kostan (pdf)

Gaiaren inguruko berriak:

Astelehenean hasiko da Casares eta Jarrai-Haika-Segiko beste 41 kideren kontrako epaiketa (2005 Ots 03)

Jose Luis Franco eta Maite Amezagari auzipetze autoaren berri eman die Garzonek (2005 Ots 01)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun