Itzubaltzeta / Erromo-Pinuetako jai eta herri kulturaren aldeko manifestua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 5a, 12:46

Gaur ospatuko dira Inauteriak Itzubaltzeta / Erromo-Pinuetan. Eta herri honen ezaugarria denez, era parte-hartzaile eta herrikoian igaroko ditugu. Baina, jaia ospatzeaz aparte termometroa ere jarri diogu eta propio kaleratu dugun manifestuan sintoma onak eta txarrak agerian jartzen saiatu gara. Horren harira, guztiok gonbidatzen zaituztegu gure herrian Inauteriak ospatzen. Manifestua irakurri, mozorroa jantzi eta Itzubaltzetan itxaroten zaitugu!

Itzubaltzeta / Erromo-Pinuetako jai eta herri kulturaren aldeko manifestua

Bilboko konpartsek pasa den urtean abian jarritako manifestuak gogoratu zigunez, “Euskal Herrian, eta higadurak higadura, jaiaren zentzua bizirik dago eta agerikoa da herritarrek jaiari erakusten dioten atxikimendua”. Horrela ere gertatzen da gure herrian: bertako ohiturak dira Olentzaro, Santa Ageda, San Juan, Inauteriak, herriko jaiak eta etorkizunean ere ohitura izango dira gaur egun sortzen diren ekimen berriak. Hemen “jaia osasuntsu dabil”, gure herriari bizitasuna ematen.

Era berean, herri honek baditu jaiak eta kultur ekitaldiak lantzeko bi ezaugarri nagusi: aniztasuna eta parte-hartzea. Jai batzordea, txosnen batzordea, gaztetxea, konpartsak, koadrilak, tabernak, kafetegiak, pubak, elkarteak, kolektiboak, musika taldeak, dantzariak, bertsolariak, perkutsionistak, txistulariak, trikitilariak, aktoresak, aktoreak eta norberak, bere neurrian, laguntzen du edo lagun dezake guztiontzat diren ekimenak aurrera ateratzeko lanak eginez. Zorionez, herri honetan mundu guztiarentzat irekita daude ateak, bakoitzaren ideologia, erlijioa, jatorria, maila ekonomikoa, sexua, antolatzeko eredua, herria zatitzen duen mugaren araberako egoera eta abar oztopo izan beharrean herri-izaeran sakontzeko akuilua direla. Horrek behetik gorako dinamikak egitea erraztu du aspaldidanik, jaiak inoren menpe eta kontrolpean jartzea zailduz.

Baina, dena ez da samba. Itzubaltzetan, beste herrietan bezala, gure jaiak kaltetzen dituzten edo hurbileko etorkizun batean kalte ditzaketen arazoak daude. Oraindik nagia, gaizki ulertzeak, ezin ikusiak, koordinazio eza eta komunikazio eskasak badaukate paper garrantzitsu bat gure antolakuntzan, ekimenak moteltzen eta hondatzen. Gainera, gaur egungo kultura gero eta indibidualista dela, eta guztion aisian eta dibertsioan pentsatu barik bakoitzak bere aldetik denetaz paso egin eta ondo pasatzeko aukera badagoela ondo dakigu guztiok.

Baina zoritxarrez, kexka gehiago ditugu. Udaletxetik astiro-astiro jai eredu herrikoiari etengabeko desgastea egiten zaio. Orain dela urteak zinegotzi bati Bilboko Aste Nagusiarekin lehiatuko zen Getxoko Aste Nagusia bururatu zitzaion. Handik aurrera eta salbuespenak salbuespen, helburu horrekiko koherenteak izan diren urratsak eman ditu Udalak: tabernen eta musika ordutegien murrizketak, ekitaldiak antolatzeko baimenen ezeztatzeak, herriko jaiak kanporatzeko saiakerak, isunak... baita kalean jezarlekuak jartzeko debekua ere! Zertarako? Herriari dinamismoa kentezeko eta Algortan jai nagusiak antolatu eta pribatizatzeko.

Era berean, Euskal Herrian egunero dauden enfrentamentuak eta alderdikeriak eragina izan ditzakete geurean. Azken urteotan oso gertu, hemendik lau kilometrotara, Algortako Jai Batzordeak eraso politiko gogorrak jaso ditu. Ez du ematen eraso horiek bukatuko direnik eta ez da lelokeria hona ere heldu daitezkeela pentsatzea.

Horren aurrean, behean sinatzen dugun eragileak gure artean eta beste jai eta kultur eragileekin biltzeko, behar den hausnarketa aurrera eramateko eta horrek ekarriko dituen konpromezuak hartzeko prest agertzen gara.

Neska-mutil, esnatu, ondo pasa eta lan egin. Jaia denona da.

Itzubaltzetan, 2004ko otsailaren 5ean,

Erromo eta Pinuetako Jai Batzordea, Itzubaltzeta gaztetxea, Itzubaltzetako EHE, Askatasuna, Gazte Enbata konpartsa

Gaiaren inguruko berriak:

Inauteri herrikoiak ospatuko dituzte Itzubaltzetan (2005 Ots 04)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun