Leioako Artatza Jauregian izango da EHUren 25. urteurrena ospatzeko lehen ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ots. 5a, 21:05

Euskal Herriko Unibertsitateak 25. urteurrena ospatuko du aurten. Hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dira gizartearengana hurbildu eta bere burua hobeto ezagutarazteko. Lehendabizikoa otsailaren 25ean izango da, Universidad del Pais Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea izena legez onartu zen urteurreneko egun zehatzean. Ekitaldian harrera egingo zaio gizarteari Leioako Artatza Jauregian. Ospakizunean unibertsitatearen berri zabaltzeko DVD berria aurkeztuko da.

EHUk urteurrenerako beren-beregi egindako logotipoa erabiliko du urte osoan. Bestalde, Santiago de Pablo eta Koro Rubio irakasleek EHUren historiari buruzko liburua argitaratuko dute. Ekitaldi instituzionalez gain, EHUk bestelako ekintzak ere antolatuko ditu. Kirol ekintzen artean nabarmentzekoak dira Areto Eskaladako Unibertsitate Arteko Txapelketa, Arabako Campusean jokatuko dena, apirilean; EHUko ikastegien arteko bela-arraun txapelketa, Abran egingo dena, XIX. mendeko baleontzien kopia diren bi ontziren artean; edota unibertsitateak herri lasterketetan, futbol partidetan eta bestelako kiroletan izango duen parte hartzea.

Musika emanaldiei dagokienez, kontzertu handi bi egongo dira: bata lirikoa, Arriaga Antzokian, eta beste bat, unibertsitateko ikasleak partaide izango dituena. Azkenik, arte ondarea erosteko urtero egin ohi den lehiaketari aparteko distira emango zaio.

Izen aldaketa baino gehiago

1980ko otsailaren 25ean EHUk bere izate osoa lortu zuen, hamar urte pasatxoan Bilboko Unibertsitatearen izenpean jardun eta gero, nahiz eta 1977az geroztik euskal unibertsitate barruti osoa hartzen zuen bere baitan. Izen aldaketa baino gehiago, aspaldiko proiektu baten gauzapena izan zen: 1936an sortutako eta Gerra Zibilaren oldarrak handik gutxira desagertarazitako Euskal Unibertsitatearena, hain zuzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun