Iurretan irakurritako testua
EITBk Europako Itun konstituzionalaren inguruan mantentzen duen jarrera salatzeko batu gara gaur hemen, eta jarrera aldaketa eskatzeko, itun horren inguruan Euskal Herrian dauden iritzi ezberdinek adierazpen aukera berberak izan ditzaten.
Adierazpen askatasuna eta egiazko eta objektiboa den informazioa jasotzeko eskubideak Euskal Herriko gizartea du subjektu. Eskubideon benetako gauzapenerako komunikabideek tresna hutsa izan beharko lukete.
Azken hau, iritziaren kudeaketan aniztasuna eta egiazkotasuna helburu duen edozein komunikabidek bete beharrekoa izan beharko luke, eta saihestezina bihurtzen da publiko diren komunikabideentzat. Denon poltsikotik hornitzen direlako, EITB kasu, eta denok dugu eskubidea informatuak izan eta gure iritziak emateko.
Itun Konstituzionalaren edukien berri ematearen aitzakiapean, azken asteetan EITB itun horren erreferendumean baietzaren aldeko propaganda egiten dabil.
Sasijakintsu, kirolari, kulturgileak eta abarrek egindako iragarkiak ikusi dituen oro konturatu da baietza zela kanpainaren horren helburua, eta Itunaren onurak saltzea lortzeko bidea. Hori guzti hori, oraindik kanpainaren hasiera ofiziala baino lehenago.
"Europako Itun Konstituzionalari Ez" Gizarte Plataformak EITBren isilarazpena zuzen zuzenean jasan izan du, 40tik gora sindikatu, herri mugimendu eta gizarte eragile bere baitan gauden arren. EITB ez da etorri deitu dugun prentsaurreko batera ere ez.
Plataforman bildu garenok Itun Kostituzionalak gure bizitzan itzelezko eragina izango duen erasotzat jotzen dugu, emakume, gazte, euskaltzale, internazionalista, langile, jubilatu, etorkin, arrantzale, baserritarrak eta Europako herri zaharrena izan arren oraindik nazioartean ezagutza lortzeko borrokan dagoen herri honetako partaide garen neurrian.
Itun hau ez da ohiko alderdien arteko lehian edo ohiko hauteskunde kanpaina bat bezala kokatu daitekeena. Hori da plataforma hau sortzeko arrazoia, hain zuzen, eta horrexegatik otsailaren 12an nazio manifestazio baterako deia egiten dugu, ezetzaren inguruan dagoen aniztasun guztia bildu nahian.
Herri modura erantzun nahi dugu, dauden sentsibilitate ezberdinak eta Itunak kolpatzen dituen herri sektore ezberdinak bilduz gizarte mobilizazioan, Espainiako Konstituziarekin edo NATOren sarrera erreferendumean gertatu bezala, Euskal Herria agertuz Europa Soziala eta herrien aldekoarekin, eta era berean estatuen eta kapitalaren Europaren aurrean.
"Itun Konztituzionalari ez" Euskal Herriko Gizarte Plataforma