Gobernuak atzerritarren esplotazioari buru eman nahian, erregularizazioa eta lan-kontratuak uztartu nahi ditu, hala ere, Koordinakundeak esan bezala, enpresaburua bada erregularizazioaren arduraduna, orduan ez da helburu hori sekula bermatuko.
Gainera, Gobernu Azpiordezkaritzak atzerritarren kopuru jakin bat erregularizatuko dela iragarri badu ere, ez dugu uste Bizkaian horrenbeste erregularizatuko direnik.
Koordinakundearen ekimenez batzar bi egin dira Gobernu Azpiordezkaritzarekin eta, hala ere, zalantza handiak dauzkagu oraindik ere. Era berean, Gobernu Azpiordezkaritzak berak ere asko du oraindik erabakitzeke.
Erregularizazioari dagokionez, prozesuaren zorroztasuna salatu nahi dugu, proba oso zorrotzak gainditu behar baitu atzerritarrak Espainiar Estatuan dagoela frogatzeko. Oraintsu baieztatu zaigu agiri bakar bat hartuko dela kontuan, alegia, erroldatze agiria; hortaz, beste dokumentu ofizial batzuk izanik (batzuk Estatu Administrazioak berak igorritakoak) erroldatze agiririk ez dutenek ez dute normalizazio prozesuan sartzeko aukerarik.
Prozesu honetan araudian jaso ez diren baldintza asko eskatzen dira, beraz, etorkinek erregularizatzeko aukera gutxiago dute.
Malgutasunari buruz
Gobernu Azpiordezkaritzak esan digu malgutasunez jokatuko dutela espedienteen behin-behineko onarpenari dagokionez, hau da, zenbait kasutan atzerritarrak geroago aurkeztu ahal izango du dokumentazioa. Dena dela, badakigu (eta Gobernu Azpiordezkaritzak ez digu kontrakorik aitortu) eskaera tramitazioari uko egiteko 16 eredu daudela. Hortaz, ez dakigu zer malgutasunez ari diren.
Era berean, malgutasunez jokatuko omen dute iraungirik dauden jaioterriko zigor aurrekariei buruzko egiaztagirien kasuan eta legalizaturik ez dauden egiaztagirien kasuan, hau da, Espainiako Kontsulatuko egiaztagirik ez dutenean. Halakoetan, Espainiako zigor aurrekarien egiaztagiria lehenetsiko da.
Badakigu zigor aurrekarien espedienteaz gain, kontuan hartuko direla aurrekari polizialak ere. Dena dela, azken hau ez dago xedapen iragankorrean jasorik.
Gobernu Azpiordezkaritzak esan duenez, oraindik ez dakigu errenta aitorpena eskatuko ote zaien etxe zerbitzuko enplegatzaileei. Era berean, ez dakigu enplegatzailea ezgaitua edo zaharra denean familiak egin ote dezakeen eskaera.
Zalantza asko
Modu berean, ez dakigu eskaerak jasotzen dituzten bulegoek nolako banaketa irizpideak hartuko dituzten, gainera, zalantza kasuetan ez dakigu nora deitu. Bulego bi baino ez daude, eta ez dugu uste nahikoa denik eskaerak aurkeztuko dituzten guztiei arreta eskaintzeko.
Hortaz, zalantzan jartzen dugu prozesu honen azkartasuna eta zuzentasuna.
Harresiak Apurtuz etorkinak babesteko EAEko GKEen koordinadora*
* Koordinadora osatzen dute honako taldeak: Afrovasca elkartea, EAEko txinatarren elkartea, Bizkaian bizi diren ekuatoriarren elkartea, Asoeecuabizka Pachamama EAEn diren Filipinetako etorkinen elkartea, Pagkakaisa, Urriak 12 EAEn diren Ekuatore Gineako etorkinen elkartea, Ahislama espainiar-latinoamerikar elkartea, Azraf elkartea, Benkadi Bizkaiko malitarren elkartea, Jaam senegaldarren elkartea, Euskadi-Congo elkartea, Munduko Emakumeak Babel, No Pintcha elkartea, Asocolvas, Bilbo Etxezabal, Bilboko Caritas, CCOO, CITE-Euskadi, CEAR Euskadi, Euskadiko Elkarbidea, Al Manar Euskadiko marrokiar komunitate soziokulturala, Gurutze Gorriaren atzerritarrentzako saila, Etorkinekin Bat, Inti Llacta Latinoamerikako talde kulturala eta soziala, Iberoamericano Txileko folklore-taldea, Hegoa, Ideasur, Igualdad Sin Distinciones, Izangai, Munduko Medikuak, Misiones Diocesanas, UGT-Centro Guia, Zubietxe, Zutalur, Nazioarteko Elkartasuna eta Lankidetza.